Iñigo Martinez

"Gainezka gaude, eta aldi berean ezin dugu gure hutsunea bete"

Anakoz Amenabar 2022ko abe. 27a, 06:00

Loiuko Lauro eskolan (Bizkaia) irakaslea da gasteiztarra; gainera, Agora elkarteko kidea ere bada./ Erlantz Anda

Zerk egiten du gure gizartea den bezalakoa? Zertan gara aurreko belaunaldietatik desberdinak? Gure aroa bereizten duten ezaugarriak hauteman nahi ditu Iñigo Martinezek, eta, horretarako, inkontzienteki barneratu ditugun aginduak definitu ditu Mandamentu hipermodernoak liburuan.

Bizi ditugun garaiak marrazteko ariketa egin du Iñigo Martinez Peña (Gasteiz, 1976) filosofia irakasleak, eta arrakasta handiz gainera. "Bidaia ezazu, ez egon triste, izan zu zeu, zaindu zaitez...", hausnarketarako pizgarri izan daitekeen agindu zerrenda bolo-bolo dabil Mandamentu hipermodernoak liburuari esker, eta dagoeneko hirugarren edizioa kalean du.

Irakurleari ispilua jarri diozu parez pare. Baina zer dute mandamentu horiek atentzioa emateko? 

Lipovetskyk proposatzen duen "hipermodernitate" horrekin bat, "gainezka" gaude modu batera edo bestera, eta kapituluren batean norberak bere sufrimendua islatuta ikus dezake. Gure egungo zaurien isla izan daitezke, eta beharbada horregatik partekatu da hainbeste liburua...

Aita hil zenean hasi zinen belaunaldien arteko aldeaz gogoeta egiten, ezta? 

Bai, baina kontziente izan gabe. Aita artzaina zen, eta beraz ez zen batere hipermodernoa. Espazio bera partekatzen genuen, baina arrotzak ginen; kuriosoa da nolako inkomunikazioa izan daitekeen belaunaldien artean; ziurrenik, beste garai historiko batzuetan jauzia ez zen hainbestekoa izango. Gure garaiak aldaketa eta berrikuntza goraipatzen du une oro, eta gero eta zailagoa da elkarrizketa mantentzea aurreko belaunaldiekin; haustura hori politikoki ere ez da batere egokia, solasaldia apurtu egiten baitu. Aita hil zenean, behar ia konpultsibo batekin hasi nintzen irakurtzen soziologia, filosofia politikoa eta egungo mundua deskribatzen ahalegintzen ziren hainbat idazle; gerora konturatu nintzen bazela nire gabezia hori tratatzeko modu bat. Idazten gero hasi nintzen, baina hori izan zen abiapuntua.

"Mandamentuak" eta "hipermodernitatea". Kontraesana dirudi...

Uste dut gure mandamentua dela askatasun indibiduala. Indibidualki askeak izan, eta indibidualki ahalik eta gehien garatu gure burua. Kontraesana hori izan daiteke: askatasun indibiduala dagoen heinean, ez dago mandamenturik. Baina nondik datoz, ordea? Gure garaia hipermodernoa eta hiperindibidualista da; eta indibidualismoaren txanponaren beste aldean bakardadea dago, baina ez existentziala, bakardade politikoa baizik. Eta hori da liburuaren doinuetako bat. Nola irten bakardade politiko hortatik eta nola eraiki komunitatea: uste dut gaur egungo erronka nagusia dela. Bakardadearen inguruan Noreena Hertzek aipatzen du gurea bakardadearen mendea dela, eta hainbat arrazoi aipatzen ditu; horietako bat komunikazio digitala da; mugikorra egunero 250 aldiz begiratzen omen dugu… Nola harremanduko gara norbaitekin komunikazio asko baina komunitate gutxi dagoenean? Denda txikien itxiera ere bada aipagarri; denok Amazonera jotzen badugu, elkargune diren denda txikiak desagertu egingo dira auzoan. Gustatzen zait egiten duen irakurketa, eta pentsatzea hipermodernitateari era batera edo bestera aurre egiteko komunitatea birpentsatu behar dugula.

Iñigo Martinez, Alea-ren erredakzioan./ Erlantz Anda

 

Finlandia ageri da beti herrialde zoriontsuen lehen postuetan. Eta, aldiz, bakardadea ere nagusi.

Eta suizidioen tasa ere altua da. Errealitate konplexu bat izango da, eta beharbada ez dago kausa-ondorio bakarreko azalpenik halako azterketak egiten direnean. Nola neurtuko dugu zoriontasuna? Modu askotara egin daiteke, baina neurtzeak bakarrik esan nahi du konparatzen hasten garela, eta gure konparaketa hori konpetibitate bihurtzen da, eta konpetibitate gupidagabea indibidualismo horrekin lotuta dago.

Mandamentu edo dominazio modu horietaz kontziente gara? Nork agintzen du?

Garrantzitsua da jakitea nondik ateratzen diren, eta horregatik jotzen dut psikoanalisira, superniaren ideiara. Mandamentu horiek ez dira agertzen autoritate konkretu batetik, merkatuaren ahots hetereoa da, eta hiru koordenatu txertatzen dira: nitasuna, errendimendua eta kontsumoa. Logika horren barruan sartzen den gure eguneroko bizimoduaren edozein gauza da niretzat mandamentua. Oporretan bidaiatzera noa, ados; nire ni hori esperientzia gehiagorekin etortzeko, puztuago, horrela justifikatu behar dut, eta errendimendu asko atera behar diot bidaiari. "Positiboa izan, sexua praktikatu, zoriontsua izan…" berez, denak ikusten ditut ondo. Arazoa da horiek logika produktiboan nola txertatzen ditugun, eta nola nekatzen gaituen horrek. Uste dut enpresaren ideia ekonomiko neoliberala ekarri dugula gure bizimodura. Hori da gure nekeziaren seinale.

"Oso sintomatikoa da liburu dendak autolaguntza liburuz beteta ikustea"

Antsietatea da gure garaietako gaixotasunetako bat...

Urduritasun hipermodernoaz hitz egiten dut liburuan. Egonean egote batek eramaten gaitu pentsatzera zeozer egin behar dugula: ekintzaile izan behar dugu, eta edozein hutsune agertu orduko gure egutegian, halako antsietate bat sortzen zaigu. Multitaskina ere badugu; arreta sakabanatu eta badirudi gauza asko egin behar ditugula aldi berean. Zarata digitala gehitu behar zaio horri; uste dut elkarri entzuteko inportantea dela denbora hartzea, eta hiperindibidualismoaren seinale bat ere bada elkarri ezin entzutea. Afari batera bagoaz, eta mugikorra mahai erdian uzten badugu, esaten dute gai gutxiago bururatuko zaizkigula eta halako urduritasun bat izango dugula zeozer galtzen ari ote garen… kuriosoa da efektua. Duela gutxi hasi da hau guztia, eta denbora hartu beharko dugu modu kritiko eta politiko batean hausnartzeko.

Nolako harremana duzu mundu digitalarekin? Iraultza txiki bat da whatsappik ez izatea? 

Erantzuteko exigentzia sentitzen dut, eta nire burua babesteko modu bat ere bada. Erotzen nau hainbesteko komunikazio horrek… Nire ikasleekin ere sentitu dut haiek lasaitzen direla mugikorra amatatu ahal dutenean. Gurekin dauden gailuak dira, baina uste dut oso inportantea dela teknologiaren inguruko hausnarketa bat egitea; askotan pentsatzen dugu gure bizimoduaren irtenbide guztiak teknologikoak izan behar direla eta... Ez nuke oso posizio moralista izan nahi, ezin diet esan egungo gazteei ez erabiltzeko, baina pentsatu haiengan sortzen dituzten zauriak; sintomak politikoki interesgarriak direla uste dut. Saldu diguten mundu zoragarri horrek zertan ematen digu min? Eta galdera hortatik abiatuta agian beste era batera harremandu gaitezke gailu horiekin. "Like horiek jasotzen ez baditut oso txarto sentitzen naiz" dira nire ikasleen aipamenak, eta horiek bilatzeko hamaika ordu ematen dituzte selfieak egiten. Zer dago selfie horien atzean? Kuriosoa da. Pizza bat jaten ari naizela, kopa bat hartzen ari naizela eta zoriontsua naizela esateko besterik ez dira, ni ere kontsumo gizartearen parte naizela esateko. Eta gero eta denbora gehiago pasa sare sozialetan, orduan eta bakardade sentimendu handiagoa gugan.

"Gainezka" alde guztietatik...

Gainezka gaude, hiperaktibo geldiezinak gara, hiperkomunikazioan itota, hiperkonektatuta, eta hipermerkatuetara goaz erostera."Hiper" aurrizkia gure bizitzaren esparru askotan agertzen da. Gainezka gaude, baina aldi berean ezingo dugu gure hutsunea bete. Uste dut hutsuneari tarte bat ematea dela bizitzaren artea. Kapitalismoaren logika da sinetsaraztea hutsune hori tapatu ahalko dugula objekturen batekin, etengabe goaz horren atzetik, erabateko osotasuna lortzeko helburuarekin. Osotasun ezinezko horrek bide erratu batetik eramaten gaitu.

Gehiegizko "autoestimua" ere aipatzen duzu...

"Auto" aurrizkia mesfidantzaz ikusten dut, indibidualismoaren eta bakardadearen seinale dela uste dut: autolaguntza, autoestimua… modan daude, eta sintomatikoak dira. Autolaguntza zera esatea da: ez zaitu inork lagunduko, lagundu zuk zeure burua. Antza, test psikologikoetan serial killerrek ematen dute autestimu maila handiena, egindakoaz oso harro daudelako. Liburu dendetako apalak autolaguntza liburuz beteta ikustea oso sintomatikoa iruditzen zait. Komunikazio digitala ere, bestalde, uste dut nahiko nartzisista dela; norberak bilatu egiten du, eta algoritmoek ematen diote. "Lurra laua da" bilaketa egiten duzu eta zurekin ados dauden lagunekin harremanetan jarriko zaituzte algoritmoek. Zure ahotsak bozgorailu bat duela sentitzen duzu, baina ez dago benetako elkarrizketarik hor. Eta horregatik uste dut, gainera, areagotu dela gorrotoa, haustura areagotu dela komunikazio digitalarekin. Gustatzen zait Byung-Chun Hanek Erritualen amaiera liburuan esaten duena; berak dio komunikazio asko daukan gizarte batean bizi garela, eta komunitate gutxi.

Nola egin aurre mandamentu horiei? Zer bide daude transformaziorako?

Niri hiru hari bururatzen zaizkit. Bat umorea da; ironia erabiliz eta gure buruaz barre eginez, mandamentu hauek modu erdi komiko batean partekatuz agian bigundu daitezke. Beste bat maitasuna, baina ez zentzu erromantikoan, baizik eta logika adiktiboaren kontrakoan; gure joera baldin bada objektuak gehitzea, arin nekatu eta botatzea, norbait maite dugunean ordezkaezina da harreman hori. Eta beste hari bat desazkundea da; ekomikoki hitz egiten da, baina desazkunde psikologikoa ere izan daiteke: "honekin nahikoa dut, ez dut gehiago behar", horrek agian beste jarrera batera eraman ahal gaitu.

"Kapitalismoaren logika da sinetsaraztea hutsunea objektu batekin beteko dela"

Liburuarekin esan duzu ez duzula nostalgia ariketarik egin nahi, baina marrazten duzun egungo egoera ikusirik...

Arrisku hori badago, nostalgiarako joera. Baina zintzoki ez dut uste beste garai batzuk hobeak izan direnik, ez dut uste "paradisu galdu bat" egon denik. Batzuek paradisu galdu hori iraganean kokatzen dute, erlijioen joera zen. Beste batzuek orainaldian jartzen dute, carpe diem, disfrutatu momentua; uste dut merkatutik datorren ideia dela, normalean momentua disfrutatzeak lotura dauka larunbat gaueko parrandarekin edo momentuko erosketekin… eta badakigu horrek momentu batean ondorioak izango dituela, pixkat inozoa da. Beste aukera da pentsatzea zoriontasuna etorkizunean izango dela, teknologikoki etorriko direla konponbideak eta hilezkortasunaren ideia horiek… uste dut erlijio berri bat dela. Ilusiorik egin gabe, nola egin bizitza bizigarriagoa, errealismo zintzo bat transmititu nahi dut; garai bakoitzak ditu bere argi-ilunak, eta guri tokatzen zaigu horiek elkarrekin pentsatzea hobeto bizitzeko.

Elkarrekin pentsatzeko aukeren inguruan, Gasteizko Koldo Mitxelena institutua aipatu duzu liburuan, gaztetako solasaldiak...

Gaztaroan izandako elkarrizketa asko liburu honetan ere badaude, edo behintzat elkarri egindako galderak. Momentu batean horretarako aukera izatea uste dut psikologikoki garrantzitsua dela, baina baita politikoki ere; gure ezjakintasuna onartzea, baina momentu batean ezjakintasun hori lagun artean hitz egin ahal izatea. Gabon zahar gaua la bomba izango zela esan ziguten, eta konturatu gara halako tristura bat utzi digula... Nork onartu hori? Edo ordaindu dugun kontzertu hori aspergarria denean? Horiek onartzea, eta lagun batzuk topatzea institutu garaian horri buruz hitz egiteko oso garrantzitsua izan zen. Interlokutore horiek bilatzea ere bada komunitatea sortzea, sendotzea. Uste dut oso gizarte paranoikoan bizi garela; denok dakigu, ez dago ezjakintasuna onartzerik, eta adituen krisia dago, danok garelako aditu. Iritzia ematen dugu gai guztietan, eta ematen du "nik" daukadala egia, ez gara inortaz fidatzen, paranoiak hori dauka, eta horrela ez dago komunitatea eraikitzerik.

Komunitate filosofikoa batu du Agorak ere, ezta?

Wert legearen ostean sortu genuen Agora. Filosofia gizarteratzeko helburua genuen hainbat irakaslek, eta, egia esan, hainbat lagun elkartzen ari gara. Gasteizen, esate baterako, Dazz tabernan izan genituen solasaldi filosofikoak. Elkarrekin pentsatzeko espazioak sortzea da asmoa.

Ikasgai moduan osasuntsu mantentzen da? Asko aldatu da zuk ikasi zenuen filosofia hartatik?

Filosofiaren historian beste garaietatik jasotako lekukotasunak biltzen ditugu, baina orain guk ahots propioa eman behar diogu, berriztu egin behar dugu, eta ikusi nola baliatu horiek gure bizimodua ulertzeko. Platonek maitasunari buruz hitz egiten du El Banqueten, baina nola ulertu Bauchmanek planteatzen duen maitasun likidoarekin? Pentsamenduan ez gara zerotik hasten, eta horretan filosofia berezia da; klasikoak beste era batera irakur daitezke, eta desberdina izanda ere, berdina da.

Eta bitartean, eskolan filosofia beti kolokan, bazter batean noiz utziko duten kezka...

Sisiforen harria ematen du; hezkuntza plan berri bat dator, filosofiaren egoera hobetuko omen da, harriarekin gora goaz, eta azken momentuan murrizketa dator. Beti ikusi dut krisian filosofia eskolan. Agian krisi hitzari zentzu baikorrago bat eman beharko genioke; honek elkartzera eraman gaitu, elkar ezagutzera, horren inguruan gabiltzan asko, aipatutako pote-filosofikoak... Nik uste, modu batean, indarberrituta dagoela orain.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago