Pepsicoko langileak kaleratzeen aurka

Erredakzioa 2022ko abe. 16a, 17:30

Langileen elkarretaratzea Etxebarri-Ibiñako Pepsico fabrikaren aurrean. / Argazkia: LAB

Zuzendaritzak planteatutako 37 kaleratzeen aurkako mobilizazioei ekin die Pepsicoko plantillak, enpresa batzordearen gehiengoaren babesarekin. Larunbat honetan Gasteizko erdialdean mobilizatuko dira.

Estatu mailan 550 langile kaleratzearekin batera, Pepsico multinazionalak 37 kaleratze egin nahi ditu Araban: 15 Etxabarri-Ibiñako lantegian eta beste 22 Miñanon; horrez gain, salmentako sektorean aurreikusitako kaleratzeek Araban zer nolako eragina izango duten ezezaguna da oraingoz sindikatuentzat.

Enpresako zuzendaritzak planteatutako "neurri traumatiko" horien aurka agertu da Arabako plantillaren zein enpresa batzordearen gehiengoa. "Uste dugu ez dagoela arrazoirik horretarako, 2022ko produkzioa historiako altuenetarikoa izan dela eta inbertsioek jarraitzen dutela jakinda", salatu du enpresa batzordeak, ostiral honetan Etxabarri-Ibiñan egindako elkarretaratzean.

"Kaleratu bakoitza desatre hutsa da. Pepsicon ez dago inor soberan. Despidorik ez!", exijitu dute. Gaurko mobilizazioaren ostean, bihar, larunbatean, elkarretaratzea egingo dute Andre Maria Zuriaren plazan, 13:15etik 13:45era, Miñao, Etxabarri-Ibiña eta salmenta ataleko enpresa batzordeek batera deituta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago