Sexu indarkeriarekin zabaltzen den izuaren inguruan azken urteetan argitaratu den liburu ezagunetako bat, Microfísica sexista del poder. El caso Alcàsser y la construcción del terror sexual, aurkeztu zuen Nerea Barjolak (Santurtzi, 1980) Zigoitian, Emakumeen Indarkeriaren Kontrako Egunaren bueltan antolatutako programan. Teoria kritiko feministatik aztertu du Alcasserko (Valentzia, Herrialde Katalanak) krimen matxista, eta azpimarratu du: "Alcasser behin eta berriz gertatzen da, eta belaunaldi guztiek dute izu sexualarekin lotutako bere kontakizun propioa".
Microfísica sexista del poder: el caso Alcàsser y la construcción del terror sexual liburua 2018an argitaratu zenuen, eta horren inguruan aritu zara Zigoitian. 1992ko krimen matxista bat aztertzen duzun arren, edukiek gaurkotasun osoa dute. Zergatik?
Zoritxarrez, denbora luzez aztertu beharko den gaia jasotzen delako, sistema patriarkala eta matxista batean bizi garelako, eta izu sexuala erabiltzen delako emakumezkoen menpekotasuna bermatzeko eta sexu indarkeriak indartzeko. Oso gazte nintzenean, hamabi urterekin, interpelatu egin ninduen errelato eta gai bat aztertzen dut lan horretan, baina liburua irakurtzen duzunean, berdin du zer adin duzun, berehala interpelatua eta identifikatua sentitzen zara. Arrisku sexualari buruzko narratibek eta irudikapenek formatua alda dezakete, baina oinarrizko edukiak berdinak dira; eta liburuaren ibilbidean hori antzematen ari naiz, hogei urte dituzten emakumeek, liburuan jasotzen dena gertatu zenean jaio ez zirenek, agerian ez dauden eta egunero bizi ditugun sexu indarkeria mota horietako asko identifikatzen dituztela. Niretzat, Alcasser errelatoa eta aitzakia izan ziren analisi sakonagoa egiteko arrisku sexualaren inguruko irudikapenei buruz.
"Ziztadena izan da adibiderik argiena izu sexularen mezua nola eraikitzen den ikusteko"
Zein izan da Alcasserko krimenaren inguruan idatzi zenuen saiakeraren helburua?
Emakume gazteen belaunaldi oso bat markatu zuena beste modu batean adieraztea, Alcasserren gertatutakoa kontakizun politiko bat bezala adieraztea; eta teoria kritiko feministaren barruan irakurketa egitea, teoria feministak aukera ematen digulako gertatutakoa testuinguruan kokatzeko eta aukera ematen digulako Alcasserko krimenaz hitz egiteko ez kasu isolatu eta ezohiko bat bezala, baizik eta egiturazkoa den zerbait bezala. Ildo horretatik planteatzen dut Alcasser behin eta berriz gertatzen dela, eta belaunaldi guztiek dutela izu sexualarekin lotutako bere kontakizun propioa, indarkeria sexuala indarrean dagoela orain, eta lehen zuen indar berdina izaten jarraitzen duela.
Hedabideek Alcasserren jokatu zuten papera oso modu kritikoan aztertu duzu.
Egia da nik hedabideen papera erabiltzen dudala Alcasserko auzia aztertzeko, hemerotekaren analisia egiteko aukera eman didatelako; baina nire analisia ez da soilik hedabideei kritika bat; komunikabideak ez daude gizartetik kanpo, eta oso garrantzitsua da hori ulertzea, kontakizun bat zabaltzeko orduan gizarteak ardura bat du, gizarte osoaren ardura da nola hitz egiten dugun indarkeria sexualari buruz, ez soilik komunikabideena. Begirada bakarrik komunikabideengan jartzen baldin badugu, gizarte bezala dugun ardura saihesten ari gara. Hedabideak gizartearen parte dira, eta gizarteak izu sexualari buruzko narratiba bat eraikitzen eta zabaltzen du, nola jokatu behar dugun esaten digu, eta sexu erasoen errudun egiten gaituzte batik bat emakumeoi.
Nola funtzionatzen dute aipatu duzun izu sexualaren mekanismoek?
Gizarteak eraikitzen dituen errelato guztien oinarrian emakumeen erantzukizuna dago, eta oso erraza da errelato desberdinen artean alderaketa egitea hori ikusteko; auzi ezberdinak hartzen baldin badituzu: Alcasser, Rocio Wanninkhof, Diana Quer, Virginia Acebes edo Nagore Lafage, denek dute elementu bat komunean, gure erasoen erantzule egiten gaituztela, egiten ari ginena ez genuelako egin behar, alkohola kontsumitzen genuen, nola janzten ginen, gizona ezagutzen genuen edo ez, egokitzen ez zitzaigun espazio batean geunden… Jarraitu behar ditugun jokabideak markatzeko etengabe bidaltzen dizkiguten mezu iradokitzaileak dira, eta emakume batek jasaten duen sexu indarkeria beste emakumeentzat balio du. Oso argi adierazten digute nola portatu behar garen: "Ez baduzu hau nahi, hori egiteari utzi behar diozu", eta modu horretan, emakumeek espazioak mugatzen ditugu, desioak mugatzen ditugu, etengabe autokontrolatzen gara, gure burua zigortzen dugu, etengabe alerta-egoeran gaude. Emakumeen eskubideen murrizketa erabatekoa da, gure espazioaren murrizketa larria.
"Emakumeen eskubideetan aurrerapenak ematen direnean, beti dago erreakzio biolentoa"
Fokoa erasotzaile matxistan jartzen denean munstroa edo gaixo mentala bezala aurkezten da. Hausnarketa hori ere egiten duzu liburuan.
Bai. Hori da kontakizun hauen beste ezaugarri bat, gizartearen parte ez diren gizonen inguruan eraikitzen dira. Alegia, gizon horiek animaliak dira, oso haurtzaro zaila izan dute; gizartearen indultu orokortu bat dago horren atzean, modu horretan justifikatzen da egindako erasoa, erasotzailea gizartearen parte izango ez balitz bezala tratatzen da, eta gizarteak bere ardura saihesten du. "Hau ez-gizon bat da" esaten da, eztabaida kritiko bat egin beharrean, eta torturatzeko eta hiltzeko aukera ematen dieten gizonen pribilegioen inguruan hitz egin beharrean.
Izu sexuala zabaltzeko kontakizun hauek ziklikoak direla esan duzu. Uda honetan ziztadekin jazo diren mezuek patroi berdina jarraitzen dute?
Bai. Uda honetan, ziztadena izan da adibiderik argiena izu sexualaren errelatoa nola eraikitzen den ikusteko. Begirada jarri da soilik beldurraren gainean, eta emakumeei espazioak eta jarduerak mugatzearen inguruan, hainbesteraino non emakume asko jaigune nagusietara ez joatea erabaki duten; edo 30 gradutan geundenean, emakume askok mauka luzeko arropa erabiltzea erabaki duten, ziztadak ekiditeko. Pentsaezina da mezu berdina zabaltzea fokua erasotzaileengan jarrita; pentsaezina da imajinatzea diskurtsoen produkzio bat non esaten den gizon guztiak etxera joan behar direla goizaldea baino lehen, ezin direla atera, ordu zehatz batean etxera eraman behar ditugula mozkortzen baldin badira sexu erasoak egiteko arriskua dutelako, edo lagunekin ezin direla etxera itzuli taldean joaten direnean arriskutsuak direlako… Pentsaezina da errelato hori, aldiz, emakumeak etxera goiz joan behar direla esaten da, beti lagunduta… Adibide argia da ikusteko errelatoa nola eraikitzen den, eta erasoaren erantzulea beti emakumea dela.
Kontakizun hauek ematen diren testuinguruaren garrantziaz ere ohartarazi duzu. Alcasserren kasua gertatu zen feminismoaren aldarrikapenak aurrera egiten ari ziren unean. Berdin gertatu da ziztadekin?
Hobeto aztertu beharko genuke, baina boteprontoan baietz esango nuke. Aldaketa oso sakona antzematen dut nik mugimendu feministan, Iruñeko talde bortxaketaren sententziaren ondoren eta 2018ko martxoaren 8ko greba orokor jendetsuaren ondoren; une politiko feminista oso indartsua zabaldu zen, eta gogoan dut garai haietan egin zizkidaten hainbat elkarrizketatan aipatu nuela kontuan izan behar genuela erreakzio misogino biolentoa etorriko zela, historian zehar ziklikoa delako emakumeen eskubideetan aurrerapenak ematen direnean beti dagoela erreakzio misogino oso biolentoa. Eta ikusten ari gara, 2018tik hona, patroi horiek errepikatzen direla, eta horrekin batera zerikusia du ultraeskuina gorantz ari dela, eta ultraeskuinak osagai patriarkal eta misogino oso handia du. Nik erabiltzen dudan eskema analitikoa, Alcasserren erabili nuena, egun ere erabil daiteke.
Ziztaden kasuan, beste behin, emakumeen hitza auzian jarri da edo garrantzia kendu zaio ziztada horiek substantziarik ez zutelako.
Jakina, kontakizun hauen beste ezaugarria da hori, emakumeen hitza auzian jartzea, eta gainera berriro ere ikusten dugu fokua ez dagoela erasotzaileengan, baizik eta erasotuan. Egia da ziztada batzuk substantziaren bat zutela eta beste batzuk egin direla izu sexuala sortzeko plazeragatik; eta uste dut erasotzaileen profila hori dela, izu sexuala sortu nahi zutela ziztada horien bitartez. Baina ziztada hor dago, eta beste ekintza misogino bat bezala erabili izan da, emakumeei beldurra eta izu sexuala eragiteko, eta argi erakusten du, gainera, nola erabiltzen den beldurra emakumeen gorputzetan. Beraz, nahiz eta substantziarik ez aurkitu, sastatu dituztela salatu duten emakumeak erasotuak izan dira.
"Alarma sozialak balio badu inpunitatearekin amaitzeko eta ikasteko, ondo"
Zabaltzen den alarma sozialak zerbaiterako balio du?
Balioko luke eztabaida kritikoa zabaltzea eragingo balu. Balioko luke informatiboek beldurra zabaldu beharrean eta egingo ez duten guztiaz hitz egiten duten emakumeen testigantzak jaso beharrean, eztabaida serioa egingo balute; alegia, zer gizartetan gauden mahai gainean jarri, zer gertatzen den bortxaketaren kulturarekin, zer gertatzen den izu sexualarekin, zein den ideologia matxista, zergatik dituzten gizonek emakumeen bizitzen, gorputzen eta egunerokotasunaren gaineko pribilegioak... Alarma sozialak balio badu inpunitatearekin amaitzeko eta ikasteko, ondo; baina balio badu gure eskubideen eta askatasunaren murrizketa indartzeko eta sostengatzeko, ez. Alarma soziala, termino patriarkaletan, indarkeria sexualak gizartearen egituran indartzeko balio du.
'Statu quo'-tik aldatzeko premiarik ez badago, prest egon behar gara "ohartarazpen" gehiago jasotzeko?
Ulertu behar dugu boterearen ariketa oso konplexua dela eta gizartean gauden pertsona guztiok boterea dugula. Horregatik, garrantzitsuak dira boterea modu fisikoan eta zuzenean erabiltzen dutenak, baina baita indarkeria sexuala ulertzen, onartzen, produzitzen eta errepoduzitzen dutenak ere. Boterea gizarte osoarena da, eta denok dugu aukera indarkeria sexualak toki desberdinetatik ikusteko; eta oso inportantea da ez sinestea boterea besteek dutela, denok dugu gaitasuna indarkeria sexuala ulertzeko, erabiltzeko, erreproduzitzeko eta kudeatzeko modua aldatzeko.
Zein da erantzunik onena izu sexuala zabaldu nahi duten kontakizunen aurrean?
Mugimendu feministaren erantzuna beti izan da oso inportantea, mugimendu feministarik gabe ezinezkoa zatekeen indarkeria sexual desberdinak kontzeptualizatzea. Indarkeria matxistari izena ematen dion tresna da, kokatu eta egitura ematen dio; eta, zentzu horretan, erantzunik onena da tresna feminista nahikoak izatea, eta ulertzea gure babesa gu geu eta gure kideak garela, ez dugu gu babestu arte itxaron behar, babesten jarraitzen duten bitartean babesik gabe baikaude; gizonek ez gaituzte babesten, haien eskubideak, pribilegioak eta statu quoa babesten ari dira.