Artium museoak Juncal Ballestin ikerketarako nazioarteko beka deitu du, arte feministaren historiografiari eta museoko bildumarekin zerikusia duten emakume artistei buruzko ikerketa-proiektuei laguntzeko. Deialdi honen helburua ikerketa-proiektu bat aukeratzea da, Euskal Herriko eta nazioarteko arte feministaren historiografiari ekarpen esanguratsua egingo diona edota museoaren eta bere bildumaren programazioarekin zerikusia duten emakume artista eta pentsalarien ekoizpena aztertuko duena. Parte-hartzeko oinarriak Artiumen web-orrian daude eskura.
Deialdi honetara edozein nazionalitateko ikertzaileak aurkeztu daitezke, adin-mugarik gabe, nahiz banaka, nahiz hautagaitza bateratua aurkezten duen kolektibo baten kide gisa. Eskatzaileek bekaren iraunaldian garatzekoa izango den ikerketa-proiektu bat, argitaragabea, aurkeztu beharko dute. Iraunaldi hori bederatzi hilabetekoa izango da.
Ikerketa garatzeko bideratutako gehieneko zenbatekoa 7.000 eurokoa izango da, eta honako hauek jaso beharko ditu: ikertzailearen ordainsariak eta ikerketaren garapenak eragindako gastuak. Eskabideak aurkezteko azken eguna 2023ko urtarrilaren 31 da. Hauek dira hautapen-batzordeak kontuan hartuko dituenak: proiektuaren interesa, eskatzailearen profil profesionala eta ikerketa- proposamenaren egokitasuna Artium Museoaren helburuen artean.
Dokumentazio eta praktika zentroa
Euskal Emakume Artisten Dokumentazio Zentroa Artiumek artearen orainarekin eta historiarekin duen konpromisotik sortua da, bai eta emakume artistak eta teorialari feministak diziplinaren narratibetan sartzeko ─haien ekintza-eremuetan zeharka sartzeko─ duen betebehar horretatik ere.
Zentroaren helburuen artean honakoak daude: euskal emakume artisten eta museoaren bildumarekin eta haren programekin zerikusia duten emakume artista eta pentsalarien dokumentazioa eta artxiboak biltzea, kontserbatzea eta zabaltzea, bai eta praktika artistikoari eta pentsamendu feministari buruzko ikerketari laguntzen dioten iturri bibliografiko eta dokumentalak identifikatzea eta zabaltzea ere.
Konpromiso feminista
Artiumek antolatzen duen nazioarteko bekak Juncal Ballestiin (Gasteiz, 1953- 2015) artistaren izena darama. Ballestinen bizi-ibilbidea konpromiso feministak markatu zuen, eta, bere obrari dagokionez, askotariko materialak, bitartekoak eta teknikak erabiltzeagatik bereizi zen: pintura, marrazkia, instalazioa, bideoa, lan grafikoa... 2021ean, Anesvad GKEak, haren ondarearen oinordeko denak, artistaren obra eta artxiboa eman zizkion museoari.