Jaietako kontzertuak, gazteen proposamenen zain

Erredakzioa 2022ko abenduaren 15a

Abenduaren 22ra arte jasoko dituzte proposamenak. / Alea

Gasteizko Udalak gazteen proposamenak jaso nahi ditu jaietako programazioa osatzeko.

Gazteen musika talde gustukoen inguruko informazioa jaso nahi du Gasteizko Udalak, datozen jaietan antolatuko dituzten kontzertuak antolatzen hasteko. Gazteria eta Kultura Zerbitzuak elkarlanean antolatutako ekimenaren bitartez, 16 eta 30 urte bitarteko gazteek Andre Mari Zuriaren jaietarako nahi dituzten musika proposamenak batuko ditu.

Parte hartu ahal izateko, Gazteria Zerbitzuaren Instagrameko profilean (vggaztea) parte hartu eta galdera honi erantzun beharko diote: "Noren musika entzun nahiko zenuke Andre Maria Zuriaren hurrengo jaietan?".

Galdetegia erantzuteko epea abenduaren 22ra arte izango da. Gainera, parte hartzaile guztien artean urtarrilaren 6an Jimmy Jazz aretoan Chill Mafia taldeak eskainiko duen kontzerturako bi sarrera zozketatuko dituzte.

Gasteizko Kultura Zerbitzuak gazteen proposamenak kontuan hartuko dituela gogoratu du, hala ere, hainbat irizpide bete behar ditu, tartean, hizkuntza irizpideak, emakumeen presentzia bermatzea, edota estilo eta adin desberdinentzako programazioa eskaintzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago