Hogei bat artista elkartuko dira Inmersiones biltzarrean

Erredakzioa 2022ko abenduaren 14a

Topaketa ZASen egingo da, larunbatean. / Inmersiones

Maria Bastaros idazleak emango du irekiera hitzaldia ostiralean, hilaren 16an.

Inmersiones artista berrien biltzarra larunbatean egingo dute, proposamen artistikoen lokarri eta oinarri izango den Testua, gorputza eta ahotsa gai hartuta. Jardunaldi osoan, hainbat ponentzia eta ekintza egingo dituzte; Euskal Herriko artistengandik jaso eta hautatu dituzten proposamenak eta edizio honetarako berariaz gonbidatu dituzten beste artista batzuenak uztartuta.

Guztira, hogei artistatik gora dira, eta bertan askotariko jardunbide artistikoak elkartuko dira, gorputzen bidez hitza inplikatzen dutenak, izan ahozkoa, adierazia, idatzia edo oihukatua. Gainera, biltzarraren aurretik, bi jarduera egingo dira. Hala, ostegunean, hilak 15, Ivan Gomez artistaren Lehendabiziko karta pieza inauguratuko dute, ZASen. Artelan hori Educacciones hezkuntza programaren testuinguruan egin da. Hezkuntza programaren asmoa da arte garaikidea tokiko ikastetxeetako ikasleei hurbiltzea.

Ostiralean, hilaren 16an, Maria Bastaros idazleak (Zaragoza, 1987) hitzaldi bat emango du Tracey Emin arroka batekin ezkondu zen izenburupean. Bastaros arte-historialaria, kultura-kudeatzailea eta idazlea da. Hainbat hedabidetako kolaboratzailea eta Historia de España contada a las niñas eleberriaren autorea da, indarkeriaz jositako idazlana, askotan "lpunk literaturan" sailkatua. Bertan, auzitan jartzen da Historiaren narrazio ofiziala, Soriako herrixka urrun batean sortutako hiru emakume belaunaldiren begietatik. 2021ean, No era a esto a lo que veníamos argitaratu zuen, Monegros basamortuetan, Errege Bardeetan, industrialdeetan, errepide galduetan eta bazterreko beste ingurune batzuetan kokatutako kontakizunen bilduma.

XV. Inmersiones hau ixteko, Haria kolektiboak bi interbentzio oso berezi programatu ditu, jende guztiarentzako zabalik. 17:00etatik aurrera, Maria Salgado Steinera lerratua delako ekintzaren protagonista izango da. Madrilgo artistak lengoaia darabil performanceen, audioen eta testuen material gisa, eta hamarka testu argitaratu ditu aldizkari akademikoetan eta argitalpen artistikoetan, baita bost poesia liburu ere Espainian eta hiru Argentinan. Oraingoan, Gertrude Stein poetan inspiratutako pieza egin du.

Biltzarra 18:00 inguruan amaituko da Txaranga Urretabizkaia eta haren Haize instrumentuak – Bilbo emanaldiarekin. Saxo, tronboi, tronpeta, klarinete eta tronpen musika talde horrek autorregulazioa darabilten konposizioak eta koreografiak sortzen ditu. Emanaldi bakoitzerako piezak berariaz sortzen dituzte, tokiaren ezaugarriei edo ekitaldiaren testuinguruari erreparatuz.

Jarduera guztiak eta biltzarreko ponentziak ZAS espazioan egingo dira, Gasteizko San Anton plazan. Sarrera libre da. Goizeko ponentzia eta ekintza guztiak (10:00etatik 14.30era) streaming bidez emitituko dira, Inmersionesen Youtube kanalaren bidez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago