Aldundiak BAT tarifen %50eko deskontuari eutsiko dio 2023an Alavabus autobusetan eta eskualdeko autobusetan; neurria sei hilabetera ebaluatuko dute, hura ezartzea eragin zuten baldintzak artean betetzen diren ala ez aztertzeko. "Arabako familien ekonomia arintzeko, garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta emisio kutsatzaileak murrizten laguntzeko" hartutako neurria dela azaldu dute.
Alavabus lineen tarifak bere horretan mantenduko dituzte Araba erdialdeko, Aiarako, Arabako Errioxako eta Miranda/Gasteiz/Durangoko emakidetan, eta, era berean, joan den irailaren 1etik indarrean dagoen BAT tarifen %50eko deskontuari eustea Alavabus lineetan eta eskualdeko garraioan. Deskontu horren ondorioz, nabarmen handitu da bi zerbitzuen erabiltzaileen kopurua.
%50eko deskontu gehigarria 2022ko irailaren 1a baino lehenagoko BAT tarifei aplikatuko zaie, zeinek txartel arruntaren prezioaren gainean %20ko aurrezkia eskaintzen baitzuten. Adibidez, Gasteiz eta Laudio arteko ibilbidea 1,74 euroan mantenduko da, 3,48 euro izan ordez, eta Guardia eta Arabako hiriburuaren arteko bidaia batek 2,56 euroko kostua izaten jarraituko du, eta ez irailaren 1era arte indarrean zegoen 5,12 euroko BAT tarifa.
Bestalde, eskualdeko garraioaren ibilbideek ordura arte 1,7 euroko prezio bateratua zuten, eta orain, BAT tarifa 0,85 euroan mantenduko da. Deskontu hori BAT diru txartelaren prezioei baino ez zaie aplikatuko, txartel arrunten tarifak aldatu gabe mantenduko baitira. %50eko deskontu gehigarriaren onuradunak Alavabusen linea guztietan BAT, BARIK eta MUGI txartelak erabiltzen dituzten erabiltzaileak izango dira (Bilbo eta Iruñea arteko ibilbide luzeko linea izan ezik).