Zaldiaran mendiaren tontorrera itzuliko dute buzoia, eraberrituta

Erredakzioa 2022ko abenduaren 7a

Postontzia 1950. urtean jarri zuten Zaldiaranen. / Argazkia: MANUEL IRADIER ELKARTEA

Manuel Iradier Elkarteak eta Beltran de Lubiano tailerrak korrosioak kaltetutako postontzia konpondu dute, eta igande honetan, abenduaren 11n, ekitaldi batekin itzuliko dute Zaldiaranera.

1950. urtean, Gasteizko Udal Aurrezki Kutxa sortu zenetik ehun urte bete ziren, eta Pio XII.a Aita Santuak ezarritako jubileo urte santua izanik, gurutze bat kokatu zuten Zaldiaran mendiaren tontorrean.

Manuel Iradier Txangolari Elkarteak, Juan Salazar buru zuela, berehala ekin zien eraikitze lanei, eta urte bereko azaroaren 12an jarri zuten gurutzea, mendizale-postontzi bitxi batekin batera. Izan ere, buzoia Arabako Gebarako gazteluaren erreplika txiki bat zen.

72 urte luze igaro dira ordutik. Urteen zein klimatologiaren poderioz, postontziaren egoerak okerrera egin du azken urteetan. Horren aurrean, duela gutxi, postontzia Pintore kaleko lokaletara eramatea erabaki zuen Manuel Iradier elkarteak, korrosioak eragindako kalteak konpontzeko. Beltran de Lubiano Tailerraren laguntza desinteresatuari esker egin ahal izan dute hori, eta akatsak konponduta geratu direla iragarri du elkarteak.

Horregatik, igande honetan, abenduaren 11n, 72. urteurrenaren bezperan, Manuel Iradier Elkarteak buzoi zaharra birkokatzeko ekitaldia antolatu du, 11:30ean, eta parte hartu nahi duten mendizale guztiak gonbidatu dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago