VELO, Udda eta Maialen Aristegi, Gazte Talent lehiaketaren irabazleak

Erredakzioa 2022ko abe. 7a, 20:00
VELO, Udda eta Maialen Aristegi, aurtengo irabazleak. / Argazkiak: JIMMY JAZZ

Sei talde finalistek abenduaren 5ean eta 6an beren lanak Jimmy Jazz aretoan aurkeztu ostean, VELO, Udda eta Maialen Aristegi izan dira Gazte Talent lehiaketaren zortzigarren edizioko irabazleak.

Pandemia atzean utzi eta zuzeneko kontzertuetara itzuli zen iaz Gazte Talent lehiaketa. Aurten, dagoeneko erabateko normaltasuna berreskuratuta, Jimmy Jazz elkarteak urtero antolatzen duen musika txapelketaren zortzigarren edizioa ospatu du, Laboral Kutxa, Arabako Foru Aldundia, Araba Euskaraz eta Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren laguntzarekin.

Urriaren 17tik azaroaren 18ra bitartean, Arabako Lurralde Historikoan eta Trebiñuko Konderrian bizi, ikasi edo lan egiten duten 14 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izan dute lehiaketan.

Abenduaren 5ean eta 6an finalak ospatu dira Jimmy Jazz aretoan, eta, urtero bezala, adinaren araberako bi kategoria izan dira. Gazte Talent Laboral Kutxa saria, 25 eta 35 urte bitartekoentzat: Incense, VELO eta When Evil Comes; eta Gazte Talent saria, 14 eta 24 urte bitarteko gazteentzat: Udda, Paraside eta Maialen Aristegi.

Sariak

Talde finalista guztiek 200 euroko saria jaso dute finalean parte hartzeagatik. Horrez gain, honako hauek izan dira aurtengo sari nagusiak:

  • Gazte Talent kategoriako irabazleak 1.000 euro: Udda.
  • Gazte Talent Laboral Kutxa kategoriako irabazleak 1.000 euro: VELO.
  • Accesita euskarazko talde edo bakarlari onenarentzat: Maialen Aristegi. 500 euroko zuzkidura sari moduan eta Araba Euskaraz jaialdian jotzeko aukera. Talderik onena hautatuko da lehiaketako bi kategorien artean.
  • Accesita emakumeak tartean dituen talde edo bakarlari onenarentzat: hutsik.

IRABAZLEAK

Udda

Gazte Talent Saria

Taldeak 1.000 euro eskuratuko ditu.

Aitor Armentia pop-a jorratzen duen 21 urteko gasteiztarra da. 2021eko uztailean En las Nubes diskoa aurkeztu zuen: "Zoriontasuna lortzeko jasan dudan barne ezagutza prozesua adierazten du, eta jendarteak ezarritako mugei aurre egiteko hausnarketak zein erreibindikazioak hartzen ditu bere baitan. Abestiak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta katalanez idatzita daude, nire erreferentzia musikalek hizkuntza horiek erabiltzen dituztelako".


V.E.L.O.

Gazte Talent Laboral Kutxa Saria

Taldeak 1.000 euro eskuratuko ditu.

Verdad En Los Ojos Jaime Lescunek eta Javier Alonsok osatutako power duo bat da. Proiektua duela hilabete gutxi sortu zen, eta denbora hori daramate estiloa zein soinua fintzen eta abestiak ateratzen. Bere musikak kontraste handiko erritmoak ditu ezaugarri. Bateria landuak, arpegioen gaineko errezitaldiak, ahots urratuak, metalezko riffak...


Maialen Aristegi

Accésit Emakumeak Saria

500 euroko zuzkidura sari moduan eta Araba Euskaraz jaialdian jotzeko aukera.

2000. urtean jaiotako kantautorea da Maialen. Orain arte hamar abesti konposatu ditu, oso kutsu intimo eta personalarekin, baina edonor identifika daiteke haiekin. Izan ere, giza harremanetan edonori gerta dakizkiokeen istorioak azaleratzen dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide