Berriz ere ekoizpena etengo du Mercedesek. Oraingoan, sei eguneko geldialdia izango da, hilaren 15etik 22ra, enpresaren produktuak saltzen diren merkatuetan dagoen "stock pilaketa handiaren" ondorioz; hau da, merkatuan irteerarik ez duten ibilgailuen soberakina.
Izan ere, zuzendaritzak plantillari jakinarazi dio aurreikusitakoa baino 5.000 furgoneta inguru gutxiago ekoitziko dituela aurten: irailean 141.781 unitate iragarri ziren, baina 146.758 izango dira azkenean; zehazki, 4.977 gutxiago.
Ekoizpenaren etenaldia ekoizpen-lerro zein txanda guztietan izango da, abenduaren 15ean, 16an, 19an, 20an, 21ean eta 22an, hitzarmenean jasotako lan-poltsaren arabera. Gainera, sei eguneko geldialdia Gabonetako oporrekin lotuko da, eta, beraz, lantegiak ez du ekoizpenari berrekingo urtarrilaren 2ra arte. Horrez gain, datorren larunbata, abenduaren 17a, lanegun izateko deialdia ere bertan behera uztea erabaki du zuzendaritzak.
Horri guztiari gehitu behar zaizkio azken asteetan Gestamp enpresak ekoitzitako osagai metalikoen hornikuntza arazoak, Bizkaiko metalaren grebaren ondorioz.