Euskarabentura espedizioaren zurrunbiloa geldigaitza da, eta laugarren edizioa labean da jada. 2023ko uztailaren 1etik 31ra bitartean ospatuko da, eta 2006 eta 2007 urteetan jaiotako 120 gazte euskaldunek (Euskal Herrikoak zein diasporakoak) parte hartuko dute, Euskal Herria oinez eta euskaraz zeharkatuz.
Parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera dute dagoeneko, euskarabentura.eus webgunean; epea abenduaren 1ean ireki eta martxoaren 3ra arte zabalik izango da. Esan bezala, izena ematen dutenen artean, soilik 120 gaztek izango dute parte hartzeko aukera.
Horretarako, 16 eta 17 urteko gazteek hautagaitzak aurkeztu beharko dituzte, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat bidalita. Proiektua sortzeko, honako hiru gai dituzte aukeran, formatu literarioan, musikalean, historikoan, ikus-entzunezkoan, plastikoan edo sormen digitalekoan garatzeko:
- Turistak vs Bidaiariak: Nola eta zertarako bidaiatzen dugu? Bidaiatzen duen pertsona ororekiko jarrera berdina al dugu? Zein ondorio dakartza masa turismoak?
- Natura gizartean / Gizartea naturan: Nola txertatzen da natura gizartearen espazioetan? Ezagutzen ditugu inguruan bizi diren landare, animalia eta izaki bizidunak? Geratzen al da munduan gizakion eraginik jasan ez duen espaziorik?
- Happykrazia: Norbanakoa al da bere zoriontasunaren erantzule bakarra? Zer desiratzen dugu eta zergatik? Desiratzen dugun oro eskuragarria al da?
Jasotako proiektuak Eusko Ikaskuntzak eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko dituzte, eta 2023ko apirilaren 14an argitaratuko da 120 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda. Espedizio taldeko kideak hautatzeko nagusiki proiektuaren balorazioa hartuko dute kontuan, baina baita gazteen jatorria, generoa eta agertzen duten motibazioa ere.
Gainera, abenduaren 9an, Durangoko Azokan ospatuko den Gazte eztanDA! egunaren barruan egingo den DA!Gynkanan parte hartzen duten gazteen artean espediziorako plaza bat zozketatuko dute.