Astelehen honetan, Arabako Foru Aldundiak jakitera eman du nortzuk izan diren maiatzean deitutako Arabako Literatura Sarien 2022ko irabazleak: Mikel Ayllon Corral laudioarrak jaso du euskarazko 43. ipuin lehiaketako Ignacio Aldecoa saria (6.000 euro); bestalde, Oskar Gaztelu Bilbao bizkaitarrak irabazi du euskarazko 32. olerki lehiaketako Ernestina de Champourcin saria (2.000 euro); eta, azkenik, Jose Ignacio Lopez Hernandez poetari eman diote gaztelaniazko saria (2.000 euro).
Iban Zaldua irakasle eta idazleak, Mikel Ayerbe irakasle eta literatura kritikariak, eta Uxue Apaolaza irakasle eta 2022ko Euskadi Literatura Sariaren irabazleak osatu dute Ignacio Aldecoa Sariaren lehiaketako epaimahaia. Olerki lehiaketaren kasuan, berriz, Rosa Maria Lentini olerkari eta argitaratzaileak, Angel Erro olerkari eta irakasleak, eta Kepa Murua olerkari eta argitaratzaileak osatu dute.
Aldundiak saritutako izenburuak zeintzuk diren jakinarazi ez duen arren, lan horiek argitaratu eta 2023ko apirilean egingo den ekitaldi batean aurkeztuko dituzte, sari banaketarekin batera. Gaztelaniazko ipuin lehiaketaren Ignacio Aldecoa sariduna 2023ko martxoaren bigarren hamabostaldian jakinaraziko dute.