'Badena eta ez dena' diskoa aurkeztu du Mikel Urdangarinek, 19.ena bere ibilbidean. Proiektu horretan Bilbao Orkestra Sinfonikoak parte hartu du, bere sorreraren mendeurrenaren eta Urdangarinen 25. urteurrenaren ospakizunen barruan. 'Badena eta ez dena' azken bi urteetan landu dute eta Urdangarinen errepertorio zabaleko kantu esanguratsuenetako batzuk biltzen ditu, bereziki orkestrarako egokituak. Mikel Urdangarinekin batera, Ibon Aranbarri BOSeko Zuzendari Nagusia, Iker Sanchez Silva orkestrako zuzendaria proiektu honetan, Bingen Mendizabal orkestrarako kantuen egokitzapenaren arduraduna eta Koldo Uriarte produktore eta moldatzailea aritu dira.
"Amets baten gailurra da. Egia bihurtu den ametsa. Hainbeste urte daramaten abesti propioak Bilbao Orkestra Sinfonikoak interpretatua entzutea ohore handia da. Ilusio eta ardura handiz heldu genion lan honi, hasieratik zerbait gehiago eskaini nahi izan genuelako, ez soilik orkestrarako bertsioak", azaldu du Urdangarinek diskoaren aurkezpenean. Proiektu hau garatzeko profesional handiez osatutako talde bat bildu du, bere musika eta ibilbidea oso ondo ezagutzen dituena. "Lagun handiez inguratu nahi izan dut. Profesional onak, noski, baina pertsona hobeak. Eta hori oso garrantzitsua zen proiektu intimo eta pertsonal hau gauzatu ahal izateko. Plazer handia izan da haiekin lan egitea eta ohore izugarria".
Urdangarinen ibilbide luzea laburbiltzen duten abestiak biltzen ditu disko honek, eta, besteak beste, Haitzetan, Bazkalosteko kafea, Anek idatzi dit zutaz eta Agian irailean bezalako abesti ezagunak daude. Eta berriagoak ere bai, hala nola, Itsasoan euria edo Hiru ahizpatik bigarrena. Badena eta ez dena izenburuak Badira hiru aste kantuari egiten dio aipamena, Urdangarinek berak bere errepertorio zabalaren artean gustukoenetakoa duena.