San Prudentzio "erreferentziazko" egoitza izateko aurrekontuak aurkeztu ditu EH Bilduk

Erredakzioa 2022ko aza. 29a, 15:59
Eva Lopez de Arroiabe eta Kike Fernandez de Pinedo agerraldian. EHBILDU

Ongizatea, aberastasunaren banaketa eta Arabako erronka estrategikoei aurre egitea dira foru aurrekontuen proposamenaren ardatzak.

EH Bilduko batzarkide taldeak hiru bloke handitan egituratu ditu 2023ko foru aurrekontuei egingo dizkien ekarpenak: Arabako gizartearen ongizatea babestea, bertan sortutako aberastasunaren banaketa hobetzea eta herrialdearen "erronka estrategikoei" aurre egitea. Iragarri dute, halaber, gaur arratsaldean bertan bilduko direla Foru Gobernuarekin proposamen horiek helarazteko.

Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduren Arabako batzarkideak esan du foru gobernuak aurkeztutako aurrekontua "kontinuista" dela, eta errezeta zaharrek ez dutela balio errealitate berriei aurre egiteko. 

Gizarte politikei eskainitako lehen bloke handian, Lopez de Arroiabek pertsonen zaintzan inbertitzeko beharra nabarmendu du: "Apustu egiten dugu, adibidez, San Prudentzio egoitza erreferentziazko zentro gisa finkatzearen alde. Jakina, zaintzaren sektore profesionalak hobetzea izango da gure beste lehentasunetako bat. Oro har, hamaika milioi inguruko gizarte politiken aurrekontuaren aldaketez ari gara, partidak handitzearen, sortzearen eta birbanatzearen artean". Horretarako, plaza pribatuen finantzaketak plaza publikoen mesedetan duen pisua murriztea planteatu dute, besteak beste.

Aberastasunaren banaketa

Kike Fernandez de Pinedo batzarkide taldeko bozeramaileak, berriz, nabarmendu du beharrezkoa dela Araban sortutako aberastasuna banatzea, "gaitasun handiena duenak ekarpen handiagoa egin dezan, larrialdi sozial eta ekonomikoko une honetan". Ildo horretan, zozietateen gaineko zergan gutxienez %15 aplikatzea proposatu du, baita "zerga ezkutua ezabatzea" edo "deflaktazioa errenta txikienei aplikatzea ere". Hori guztia, taldeak irailean egin zuen erreforma fiskalaren proposamenarekin bat etorriz.

Lurraldearen erronka estrategikoei dagokienez, Fernandez de Pinedok krisi klimatikoaz hitz egin du, eta Aldundiaren jabetzako eraikinetarako autohornidura-plan bat proposatu du, autokontsumoko esperientziak edo komunitate energetikoak sustatzearekin batera. Fernandez de Pinedok nabarmendu du "sinesgaitza" dela 2023ko aurrekontuek iazko partida bera jasotzea komunitate energetikoak sortzeko: "Jende asko itxaron-zerrendan geratu da, bere energia-komunitatea sortzeko laguntzarik jaso ezinik". Horrekin batera, Arabarako nekazaritzako elikagaien estrategia bat ezartzeko partida bat proposatu du, hurbileko eta bidezko kontsumoa bultzatzeko.

Lurraldearen eraldaketa EH Bilduren kezka bat da, eta aurrekontuetan ez direla islatzen "Arabak behar dituen benetako aldaketa sakonak". Hala, Aiaraldeko suspertze sozioekonomikorako eta Basquevolt bateria elektrikoen instalaziorako partidak proposatu dituzte. Halaber, estatuko aurrekontuetarako erabakitakoaren ildotik, EH Bilduk martxoaren 3ko memorialerako eta Asparrenako konpostatze plantarako partidak handitzea proposatu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide