Hodeiak mantenduko dira gaurkoan ere, eta zaparradak ere egongo dira. Ez omen dira oso handiak izango, baina aintzat hartu behar da Euskalmetek abisua horia eman duela Gipuzkoan, prezipitazio iraunkorragatik. Haizeak ipar-mendebaldetik egingo du ufa, bolada gogor batzuekin. Tenperaturei dagokienez, hotza mantenduko da: 5 eta 9 gradu arteko aldea espero da Gasteizen.
Biharko, agertokia antzera mantenduko da: hodeitsu eta euri txikiekin, batez ere egunaren hasieran. Goizean haizea ipar osagaitik mantenduko den arren, gau parterako aldakor ibiliko da, handik hona zabuka ibiltzen diren txikiteroen antzera. Termometroan, aldaketarik ez: tenperatura 6 eta 9 gradu artean baino ez da mugituko.