Zortzi proposamen aurkeztu dira Arabako lehen aurrekontu partizipatiboetan

Erredakzioa 2022ko aza. 28a, 08:00

Aiaraldetik hiru proposamen egin dira aurrekontu partizipatiboetan. AFA

Abenduaren 16ra arte proposamen guztien artean bozkatzeko epea dago. Arabako kuadrilletan (Gasteizen izan ezik) erroldatuta dagoen 16 urtetik gorako edozein pertsonak eman dezake botoa.

Aiaraldeko Kuadrillatik jaso dira proposamen gehienak –hiru guztira– Arabako Aurrekontu Parte-Hartzaileen lehen prozesuan. Hala, errepideen bide-garbiketa hobetzea galdegin du herritar batek: "Arekak segatzeko erabiltzen den kadentzia areagotzea", hain zuzen. Halaber, Delikako herriguneko aparkalekua handitzea eskatu dute, herrigunearen sarreran dauden bi aparkalekuak txiki geratu direlako Delikako bide berdea eta Nerbioiko ur-jauzira doazen bisitariak hartzeko. Halaber,  Laudioko Lamuzako gunea berreskuratzeko plan berezi eguneratu berria galdegin dute aiararrek, eta 100.000 euroan kalkulatu dute beharrezkoa den inbertsioa. "Laudioko Lamuza parkeak potentzial handia du oraindik turismorako eta naturarako, kulturarako eta sorkuntzarako gune erakargarri gisa", adierazi dute idazkian.

Añanako Kuadrillan, berriz, bi proposamen jaso dira: Bergantzun, egungo Uraren Ibilbidearen egokitzapena eskatu dute, Jugalez ibaia babesteko; eta Gaubeako Karanka herria "erreskatatzeko plan" bat martxan jartzeko eskaera ere egin dute bertakoek SOS Karanka goiburupean; urgentziazko inbertsioak egitea eskatu dute, herriko argiteria publikoa konpontzeko, hobi septikoaren garbiketa bermatzeko, herriko saneamenduaren eta uraren depositoaren ikuskapena egiteko, eta aspaldi konpondu ez dituzte landa bideak konpontzeko, besteak beste.

Lautadan, Gorbeialdean eta Arabako Errioxan ere proposamen bana egin dute herritarrek: Agurainen, A1 errepidean oinezkoentzako pasabide bat egitea eskatu dute; uretako ibilaldia egokitzea Landako hondartzetan; eta baliabideak inbertitzea Arabako Errioxako hirigune historikoak birgaitzeko.

Bozketa fasean

Iraila eta urria artean aurkeztu diren proposamenen artean, zortzi horiek dira lehenbiziko galbahea igaro duten proiektuak, eta herri-bozketa bidez aukeratuko direnak, abenduaren 16ra bitartean. Arabako kuadrilletan (Gasteizen izan ezik) erroldatuta dagoen 16 urtetik gorako edozein pertsonak eman dezake botoa, modu telematikoan araba.irekia.eus web-orriaren bidez, edo aurrez aurre Arabako edozein udaletxeren erregistroan inprimakia aurkeztuz.

Bozketan hautatutako proiektuak gauzatzeko aurreikusitako gastu-partida sei zenbateko berdinetan banatuko da, bat kuadrilla bakoitzeko, eta hautatutako proiektuen kopurua, a priori, zehaztugabea da, baina herritarren gutxieneko babes-kuoruma ezarri da proposamen bakoitzerako. Hala, 2023ko aurrekontu parte-hartzaileen kasuan, ezarritako gutxieneko quoruma dagokion kuadrillan erroldatutako helduen %2 da.

Lehenbiziko prozesua

Lehenbiziko aldia da Arabako Diputazioak aurrekontu partehartzaileak martxan jartzen dituela. "Lurraldearen eta kuadrillen behar eta lehentasun nagusiak ezartzerakoan arabarren partaidetza zuzena bilatzeaz gain, Foru Aldundiaren urteko aurrekontuan gizartearen babes handiagoa biltzen duten beharrak sartu nahi dituzte, eta lortutako konpromisoen jarraipena egin".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago