Arabako esparru sozioekonomikoan euskararen alde egindako lana aitortu dute Gasteizko Artium museoan gaur banatu dituzten Lazarraga sarietan.
Sariketara aurkeztu diren 43 proposamenen artean, epaimahaiak bost aukeratu ditu: Biosasun, Errota Hortz Klinika, Angosto Kanpina, Emaize Sexologia Zentroa eta EBA S.L. enpresek jaso dute 2022ko aitortza.
Ane Pedruzok egin ditu aurkezpen lanak. Idoia Asurmendi kantari aramaioarrak musikarekin girotu behar zuen ekitaldia, baina, tamalez, gaixotu egin da, eta bideo baten bidez parte hartu behar izan du ekitaldian.
Erakunde antolatzaileen aldetik, Rober Gutierrez Bai Euskarari Elkartearen zuzendariak eta Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak hitzaldi bana eskaini dute ekitaldian.
Rober Gutierrezek azpimarratu du euskara "lan eremuan kudeatu beharreko aldagaia" izan behar dela ere, eta, zerbitzua bermatu ahal izateko, garrantzitsua dela administrazioak kontratatzen dituen enpresek euskaraz aritzeko gaitasuna izatea. "Plangintza, arau eta baliabide egokiak guztien eskura" jarri behar direla erantsi du.
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak nabarmendu du enpresek badakitela "lehiakor izatea zer den", eta euskara plana edo Bai Euskarari Ziurtagiria duten ia 200 enpresa daudela herrialdean.
Sarituak
- Biosasun enpresan, olibetatik eratorritako produktuak lantzen dituzte. Besteak beste, Errigoran eta Arabako Enpresen Foroan parte hartu izan dute. Aurten Euskara Plana martxan jarri dute, eta Bai Euskarari ziurtagiria eskuratu dute. Halako enpresa txiki batean euskara plana abiatu izana nabarmendu du epaimahaiak.
- Errota Hortz Klinikan bezeroak euskaraz artatzeko aukera eskaintzen dute. Duela zortzi urte eskuratu zuten Bai Euskarari ziurtagiria. Lanbide Heziketako ikasleek bertan Duala euskaraz egiteko aukera dutela azpimarratu dute antolatzaileek.
- Angosto kanpinean duela hiru urte lortu zuten ziurtagiria. Besteak beste, zerbitzua euskaraz eskaintzeko bidean lorpenak egiten ari direla diote antolatzaileek. "Bertan sortzen den giroari arreta jartzea baino ez dago", aipatu dute.
- Emaize Sexologia Zentroan 25 urte baino gehiago daramate ahal den guztietan euskaraz egiten. Kanpora ez ezik, barne antolaketan ere euskara lehenesten dutela nabarmendu du epaimahaiak. Bai Euskarari Ziurtagiria dute 2016. urtetik.
- EBA S.L. enpresan 80 bat lagun dira, eta sail guztietan dute euskaldunen bat; horrela uneoro taxuzko zerbitzua bermatzeko gai dira. Langileei begira euskara eskolak eskaintzen dituztela azpimarratu dute. 2018 urtean eskuratu zuten Bai Euskarari ziurtagiria. "Urtero konpromiso berriak hartzen eta garatzen dituzte", azpimarratu dute epaimahaikideek.