EH Bilduk iragarri du Espainiako Gobernuak 600.000 euro bideratuko dituela Gasteizko San Frantzisko Asiskoaren eliza birmoldatu eta martxoak 3ko biktimak omentzeko memoria gunea sortzeko. Alderdi abertzaleak Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babesteko egin duen akordioaren baitan kokatu da neurria.
"Urte luzez ahaztuta egon ostean", Martxoak 3ko biktimek eta beren familiek memoria gune hori izango dutela aurreratu du diputatuak. "Akordio honekin aurrerapausoa eman dugu martxoak 3ko biktimen familiek zein euskal gizarteak hamarkada luzez eskatu dugun justiziaren eta egiaren aitortzan", nabarmendu du Aizpuruak.
Memoriaren alorrean ez ezik, hezkuntzaren, euskararen edota osasunari buruzko beste hainbat neurri aurreratu ditu EH Bilduko diputatuak.