Mendiko artzaintzak eta landa eremuan landutako kalitatezko produktuak gizartearentzako onuragarriak direla nabarmendu du EHUko ikertzaile talde batek. Besteak beste, SOSTEPASTO proiektuko ikertzaileek azpimarratu dute abeltzaintza eredu hau larreen biodibertsitatea eta nutrizio kalitate handia mantentzeko lagungarria dela, bai eta lurzoruaren karbono dioxidoaren fluxua murrizteko ere.
Ondorioen arabera, "kalitate handiko elikagai osasungarriak" ekoitz daitezke mendiko larreetan bazkatzen diren artaldeekin. Erantsi dute "ezaugarri sentsorial bereizgarriak" aurkitu dituztela artalde horien esnearekin egindako gaztan, eta, horrez gain, gantz azidoen "profil osasungarriagoa" eta "konposatu antioxidatzaile osasungarri gehiago" ere identifikatu dituzte.
Kudeaketa jasangarria egitearekin batera sortzen diren erronkez ohartarazi dute. Diotenez, mendiko larreak sistema multifuntzionalak dira, "eta interes desberdinen arteko gatazkak gertatzen dira maiz". Horiek kudeatzeko eta interes desberdinak bateratzeko diziplinarteko metodologia bat proposatu dute.