Gizon bat atxilotu dute indarkeria matxista leporatuta

Erredakzioa 2022ko aza. 21a, 18:16

Indarkeria matxistaren kontrako manifestazioa, Gasteizen. / ALEA

Zabalgana auzoan gertatu zen erasoa; biktimak bizilagun baten etxean hartu zuen babesa.

Udaltzainek 42 urteko gizonezko bat atxilotu zuten igandean, genero indarkeria delitua leporatuta. Eraso baten berri izan zuten Zabalgana auzoko etxebizitza batean, eta han atxilotu zuten.

Biktimak bizilagun baten etxean hartu zuen babesa. Emakumearen garrasiak entzutean bizilaguna eskailerara atera zen laguntzeko, eta honen etxera sartu zen.

Bertaratu ziren udaltzainek inplikatutakoekin eta lekukoarekin hitz egin zuten eta, ondoren, ustezko erasotzailea atxilotu.

Arkupeetan erasoa

Beste alde batetik, 27 urteko gizon bat atxilotu zuten igande arratsaldeko lehen orduan, giltza ingeles batekin beste pertsona bati eraso egiteagatik. Gertaera Arkupeetan izan zen.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago