Bueltan da Elikagaien Bilketa Handia

Elikagaien dohaintza fisikoa berreskuratuko da aurtengo edizioan. / ALEA

Pandemiak baldintzatutako bi urteren ostean, supermerkatuetara itzuliko da Elikagaien Arabako Bankuaren ekimena. Dohaintza fisikoa azaroaren 25ean eta 26an egingo da 83 dendatan; bazkari bonuena, berriz, abenduaren 5era arte.

Asteburu honetan hasiko da Elikagaien Arabako Bankuak eta Vital Fundazioak antolatutako Bilketa Kanpaina Handiaren X. edizioa. Azken bi edizioak pandemiak eragindako murrizketek baldintzatuta ospatu ondoren, aurten elikagaien dohaintza fisikoa berreskuratuko dute supermerkatuetan eta ohiko guneetan. Horrez gain, ekarpen ekonomikoak eta janari-bonuak ere mantenduko dira, iraupen luzeko elikagaiak eta bestelako hornidurak finantzatzeko.

Bilketa kanpaina azaroaren 25ean eta 26an egingo da Arabako 83 saltokitan; hamaika supermerkatu katek parte hartuko dute: soilik bonuak Dia, El Corte Inglés, Supercor, Lidl eta Mercadonan; elikagaiak eta bonuak BM, Carrefour, Eroski, Alcampo eta Leclerc-en; eta soilik elikagaiak Aldin. Gainera, bonuak erosteko aukera abenduaren 5era arte luzatuko da. 

Aurtengo edizioaren helburua izango da 60.000 kilogramo elikagai lortzea, 150.000 euro biltzea elikagai bonuetan, eta 70.000 euro jasotzea zuzeneko dohaintzetan. Dohaintza horiek hainbat modutan egin daitezke: transferentzia bidez (Kutxabank - ES58 2095 3153 6191 1448 4071), Bizum bitartez (00025 kodea) edota banku txartelen bidez webgune honetan. Ekarpenek %45eko hobari fiskala izango dute errenta aitorpenean.

Premia handieneko produktuak haurrentzakoak dira, eta %100ean bete nahi dira bi urtetik beherakoen oinarrizko elikadura zein higiene beharrak: alde batetik, 175.000 pixoihal, 20.200 fruta-pototxo, 2.400 gaileta eta zereal pakete, 90.000 euro inguruko kostuarekin; bestalde, haragi-proteinei dagokienez, 42.500 kilogramo oilasko, 78.700 euroko kostuarekin.

Azkenik, boluntario gisa lagundu nahi dutenek 608 295 120 telefono zenbakian eman dezakete izena.

Aurreikuspenak, gora

Elikagaien Arabako Bankuak elikadurarako laguntza baino ez du banatzen, eta ezin die lurraldeko elikadura behar guztiei erantzun. 2021ean, 1.765.822 kilogramo banatu ziren, eta aurtengo aurreikuspena 1.850.000 kilogramora iristea da. 2021eko abenduaren 31n, 3.655 onuradun zeuden, eta horietatik 1.650 larrialdiak ziren; 2022ko urriaren 31n, 4.500 pertsona eta 1.860 larrialdi baino gehiago zeuden, hau da, aurreko urtean baino % 24 gehiago.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide