Amurrioko Bañueta kiroldegian jokatu da larunbatean Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoa, bigarren itzuliko lehena, eta honetan Alaia Martin nagusitu da; abenduaren 3an erabakiko da zeintzuk arituko diren finalean.
Alaia Martinekin batera, Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Agin Laburu, Aitor Bizkarra eta Onintza Enbeita bertsolariak aritu dira saioan. Ariketa guztiak egin ondoren, honela geratu da sailkapena:
1.-Alaia Martin 676 puntu.
2.-Aitor Bizkarra 651,5 puntu.
3.-Oihana Iguaran 632,5 puntu.
4.-Onintza Enbeita 632,5 puntu.
5.-Agin Laburu 624 puntu.
6.-Miren Artetxe 595,5 puntu.
Bertsolariek egin beharreko ariketak aldatu dira aurreko fasetik. Haonetan eta hurrengo bi saioetan ariketa hauek egin beharko dituzte: ofiziotan hamarreko txikian artitu dira, zortziko handian eta zortziko txikian, eta ganbarako lanean bi puntu-erantzun eta bakarka hiruna bertso.
Epaimahaia hurrengoek osatu dute: Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Amaia Otxotorena, Iñaki Aurrekoetxea, Mirari Azula, Nerea Bruño eta Zigor Leunda. Idazkari lanetan Joxe Mari Altuna eta Itziar Basterretxea aritu dira.
Hurrengoak, Baionan eta Bilbon
Bigarren itzuliko lehenengo saioa izan da larunbatekia eta beste bi geratzen dira: bata, azaroaren 26an Baionan jokatuko da; bestea, abenduaren 3an Bilbon. Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.