Lan esparruan euskararen alde egindako lana sarituko dute

Erredakzioa 2022ko azaroaren 21a

2020ko edizioan saritutakoak. ALEA

Ostegunean ospatuko den Lazarraga Sarien zazpigarren edizioak 43 hautagaitza jaso ditu aurten.  

Arabako hainbat erakunde eta pertsonek esparru sozioekonomikoan euskararen presentzia areagotzeko egindako ahaleginek aurten ere saria izango dute. Izan ere, ostegun honetan banatuko dituzte Lazarraga Sariak. Zazpigarrenez egingo dute aitortza. Hitzordua 13:30ean paratu dute, Gasteizko Artium museoan, eta bertara joateko inprimaki bat jarri dute martxan.

Urriaren 24an hautagaitzak jasotzeko epea bukatu zen. Data horretara arte, 43 hautagaitza jaso dituzte antolatzaileek. Horien artean, bost aukeratu dituzte; ostegunean egingo duten ekitaldian ezagutaraziko dituzte. 

Bai Euskarari elkarteak ohar batean azaldu duenez, zerbitzua euskaraz emateko eta lana euskaraz egiteko hartutako neurriak baloratu dituzte. Hauek dira aintzat hartu diren irizpideak: hizkuntza gaitasuna, erakundearen irudia, kanpo komunikazioa, barne komunikazioa zein lan tresnak eta pertsonen kudeaketa. Modu berean, baliabide hauek neurtu dituzte: euskaraz lan egiteko baliabideak, kontratazioak, barne agiriak, produktua kontsumitzen eta erabiltzen duten pertsonentzako elementuak, Lanbide Heziketako praktikak euskaraz egitea enpresetan edota formazioa euskaraz eskaintzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago