⛅ EGURALDIA

Elur kota, 1.000 metrotan

Erredakzioa 2022ko azaroaren 21a

Egun hodeitsua eta euritsua izango da aste honetako lehena, baina elur kota ez da jaitsiko, eta bihartik aurrera berriro gora egingo duela aurreikusten da.

Euskal mendiak hasiak dira zuritzen denboraldiko lehen elurteekin batera. Ez da espero, alabaina, asko jaitsiko denik: gauean 1.000 metro ingurutan kokatuko dela iragarri du Euskalmetek. Gainerakoan, zerua oso hodeitsua egongo da, eta batez ere goizean euria egin dezake. Haize bolada gogorrak egongo dira, mendebaldetik. Gasteiz inguruko tenperaturak 7 eta 15 gradu artean ibiliko dira.

Asteartean berdinetan mantenduko da zerua, hodeiekin eta euriarekin. Goizean euriteek trumoi ekaitz itxura hartu ahalko dute, eta, haize bolada gogorrak espero direla aintzat hartuta, ez da izango eguerdian marianito bat hartzeko unerik aproposena. Elurrari dagokionez, kotak gora egingo du, eta gau parterako 1.500 metroren langan ibiliko dela espero da. Termometroan, maximoetan egongo da alde nabarmenena: 7 eta 12 gradu artean baino ez da ibiliko galinstanoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago