H5N1 motako hegazti gripea atzeman dute Iruña Okan

Erredakzioa 2022ko aza. 18a, 13:00
Udalerrian etxeko hegaztiak konfinatzeko agindua eman du aldundiak. ALEA

Parke batean hilda agertutako antzara batean zegoen hegaztien artean transmisio ahalmen handia duen birusa.

Patogenotasun handikoa den H5N1 motako hegazti gripearen kasu bat atzeman dute Neikerreko teknikariek Langraiz Okako parke batean hilda zegoen antzara batean.

Eusko Jaurlaritzak ezagutzera eman duenez, orain atzemandako kasua Salburuko antzaretan aurkitu diren hegazti gripearen beste bi fokuei gehitu behar zaie. Udan Euskal Autonomia Erkidegoan gaitzaren hamasei foku atzeman ziren zangetan. "Horrek agerian uzten du hegazti basatietan birusa dagoela", erantsi dute. "Europa azken urteetako hegazti gripearen epidemia larrienetako bat" gertatzen ari dela dio Jaurlaritzak. 

"Hegazti gripeak espezie guztiei eragin diezaieke, eta galera ekonomiko larriak eragin ditzake Euskadiko hegazti sektorean. Hortaz, eskortako hegaztiak kutsatzetik babestea lehentasuna da", azaldu dute.

Aldundiak prebentzio neurriak martxan jarri ditu. Salburua inguruetan duela hainbat aste gertatu zen moduan, udalerriko etxeko hegaztiak konfinatzeko agindu du, eta debekatu du azoka eta merkatuetara hegazti horiek eramatea. 

Halako birus batek pertsonak kutsatzeko duen potentziala txikia dela gogora ekarri dute, eta berretsi dute hegazti produktuen kontsumoak ez duela birusaren transmisioa ahalbidetzen. Halaber, gomendatu dute hilda edo hilzorian egon daitezkeen hegaztiak ez ukitzeko, eta, halako bat ikusiz gero, 112 telefono zenbakiaren bidez larrialdi zerbitzuei abisua emateko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide