Artxibatu egin dute Apasosek Iñaki Gurtubai zinegotziaren aurka jarritako salaketa

Erredakzioa 2022ko azaroaren 17a

Zalantzan jarritako jarduketak "arrazoituta" daudela esan du epaileak. / Alea

Epaitegiak baztertu egin du "prebarikazio" deliturik egotea zinegotziak udal txakurtegiko abusuen kasuan hartutako erabakietan

Gasteizko Instrukzioko 3. zenbakiko Epaitegiko magistratuak artxibatu egin ditu Apasos elkartearen egungo zuzendaritzak Iñaki Gurtubai zinegotziaren aurka jarritako salaketa. Ustezko prebarikazioagatik jarri zioten salaketa, baina epaitegiak ebatzi du ez dela halakorik salatutako gertakarietan eta emandako frogetan.

Halaber, egiaztatu du elkarteak salaketan zalantzan jartzen zituen jarduketak arrazoituta daudela eta justifikazio arrazoitua eta arrazoizkoa dutela. "Salaketa jarri duen erakundeak prebarikazioa direla uste duen ebazpenen testuingurua, garapena eta edukia ikusita, ez dira inolaz ere prebarikazio. Ezin da atzeman Gurtubai jaunak legea interpretatzeko edozein ikuspegitatik jasangaitzak eta onartezinak diren ebazpenak agindu dituenik", dio auto judizialak.

Kausa alde baterako uzteko erabakiarekin batera, epaileak uste du salaketarako zigor-bidea erabili izana "eskubide-abusuaren mugan" dagoela, bide horretatik beste jurisdikzio batekoak diren jarduketak sustatu dituelako. Autoan gogorarazten da justiziaren baliabideak "mugatuak" direla, "eta erabat funtsik gabea den salaketa batean erabili behar diren aldi baterako baliabide teknikoak eta giza baliabideak ez dira erabiltzen arau-hauste kriminalak izan daitezkeen beste kasu batzuetarako". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago