Arabako Foru Aldundiak 650,10 milioi euroko aurrekontu propioak izango ditu datorren ekitaldian, aurreko urtean baino %13,18 gehiago. Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak, Ogasun, Finantza eta Aurrekontu diputatu Itziar Gonzalorekin batera, aurkeztu dituzte zenbakiak. Ramiro Gonzalezek nabarmendu duenez, "aurrekontu hauen funtsezko puntuak pertsonak, familiak eta enpresak babestea dira". Ez da aldaketa handirik espero aurkeztutako proiektuan, izan ere, EAJk eta PSEk osatutako gobernu taldeak gehiengo osoa du.
Itunpeko plaza gehiago
Gonzalezek iragarri du datorren urteko aurrekontuetan jarduera estrategiko sorta bat aurreikusten dela, "Araba Lagun plana, ziurgabetasun egoera honetan gure familiak eta enpresak babestea helburu duena". Plan horren baitan, gastu soziala 286,1 milioi eurokoa izango da guztira, eta honako proiektu hauek gauzatuko dira, hala nola egoitzen laguntza integrala (3,2 milioi), egoitzak egokitzea (4 milioi), Etxean Bai programa (6,9 milioi) eta adingabeen zentro berria (2,9 milioi).
Era berean, 7,8 milioi euro erabiliko dira adinekoen egoitzetako plaza kopurua handitzeko (250 plaza gehiago). Hori bai, itunpeko plazak izango dira. Diputatu nagusiak zehaztu duenez, 150 plaza izango dira Arabarren egoitzan, eta 100 plaza itundu berriak.
Kenkari berriak
Zergen esparruan, plan honek zerga-arloko hainbat neurri jasotzen ditu. Besteak beste, 200 euroko aparteko kenkaria izango da 30.000 eurorainoko errentak dituzten pertsona guztientzat; eta horrekin batera, lehen urteetan autonomoek jarduera ekonomikoa mantentzeagatiko kenkari bat sortu da, 800 eurokoa gizonen kasuan eta 1.000 eurokoa emakumeen kasuan. Eta tasak, prezio publikoak eta katastro-balioak izoztea erabaki da.
Halaber, datorren urterako PFEZren tarifaren %2ko deflaktazio berria aurreikusten dute EAJk eta PSEk.
Mugikortasuna eta energia
Mugikortasunari dagokionez, eskualdeko garraioaren hobaria osatzen jarraitzeko funts bat aurreikusi da, "erakundeen arteko akordio bat egonez gero", Gonzalezek zehaztu duenez. Honi dagokionez, azaldu du "ezin dugu pertsona guztientzako garraio guztia linealki eta denbora-mugarik gabe diruz lagundu, baina bai beste erakunde batzuekin koordinatuta jardun, 2023an inflazioa kontrolik gabe igotzen bada".
Planak beste laguntza batzuk ere jasotzen ditu, energia eraginkortasuna eta aurrezpena indartzeko. Zehazki, 800.000 euro, berogailu-sistema zentrala duten bizilagunen erkidegoentzako hornidura kostua murrizteko, Gasteizko Udalak emandakoen osagarri, eta, gainera, beste udalerrietara ere zabalduko dira. Gainera, 850.000 euro zuzenduko dira landa eremuko etxebizitzetan energia optimizazioa ekarriko duten ekintzetarako, bai eta nekazaritza eta abeltzaintza ustiategietan energia berriztagarriak ezartzeko ere.
Proiektu "eraldatzaileak"
Ogasun, Finantza eta Aurrekontuetako foru diputatuak "proiektu traktoreak" nabarmendu ditu. Gonzaloren hitzetan, trantsizio energetikoa eta klima-aldaketa lehentasunak dira, klima aldaketa arintzeko ekintzekin batera. Hala inbertsioak egingo dira mugikortasun iraunkorrean (6,8 milioi), energia jasangarrietan (milioi 1) eta biodibertsitatearen kontserbazio aktiboan (2 milioi). Gainera, hondakinen kudeaketa integraleko programa bat egingo da, eta horri 7,3 milioi euro esleituko zaizkio.
Gizarte eta ekonomia berrikuntzek, talentua erakartzearekin batera, Automozioko Fabrikazio Aurreratuko Zentroa, Iparraldeko Industria Barrutia edo Robotika Zentroa bezalako proiektuek bat egiten duten eremu bat artikulatzen dute.
"Ez da nahikoa"
Kike Fernadez de Pinedo EH Bilduko bozeramaileak sare sozialen bitartez egin du aurrekontuen inguruko lehen balorazioa, eta adierazi du egoerak premiazko neurriak eskatzen dituela herritarrak babesteko, "eta planteatutakoa ez da nahikoa".