Hemen dira Maurgako jaiak

Erredakzioa 2022ko aza. 11a, 19:00

Maurgako jaien azken edizioa, 2019an. / Argazkia: MAURGAKO JAI BATZORDEA

Azaroaren 11n, 12an eta 13an, Martin Deunaren ohorezko jaiak ospatuko dituzte Maurgan (Zigoitia). Martintxo jaitsi da dagoeneko, eta ikuskizunak, txapelketak, kontzertuak, bazkariak eta askotariko jarduerak izango dira asteburu osoan zehar.

Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ostean, indarberrituta datoz Maurgako jaiak, Martin Deunaren ohorez, azaroaren 11tik 13ra. Jai Batzordeak gogo handiz antolatu ditu aurtengo ospakizunak; izan ere, 2019an ospatu zituzten jaiak azkenengo aldiz.

Zigoitia udalerrian, Gorbeiako Parke Naturalaren atarian eta basoz inguratuta dago Maurga. Berrea garaian, oreinak herriko protagonistak bihurtzen dira; horregatik, hain zuzen ere, Martintxo "oreina" herriko kanpandorretik jaisten da urtero. Ostiral honetan, 19:00etan, berriz ere jaitsi da, aurtengo jaiei hasiera emateko.

Martintxoren jaitsieraren ostean, ostiralean, pregoia, txokolatada eta mozorro festa egingo dituzte. Ondoren, Txarli Magoa, patata tortilla txapelketa, pintxo potea, Arrimu taldea, mozorro txapelketa, Apolo G's taldearen kontzertua eta DJak izango dira, egunsentira arte.

Larunbaterako egun osoko egitaraua antolatu dute: Masterchef haurrentzat, bermuta, igel txapelketa, herri kirolak, puzgarriak, trikipoteoa, herri bazkaria, txapelketak, dantza plaza, Izenbarekuak txaranga, bokatak, Gauargirekin jaia, bingoa, herri jokoa eta DJak. Berriz ere, hurrengo goizera arte luzatuko da ospakizuna, eta 08:00etan familia argazkia aterako dute, gaupasa gogoangarriaren oroimena gordetzeko.

Azkenik, igandean, meza, puzgarriak, luntxa, sari banaketa eta bolo txapelketa izango dira, bizirik jarraitzen duten bizilagun zein bisitarientzako.

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide