Doktoretza tesia egiten ari diren ikertzaile arabarren kolektiboak Arabako Foru Aldundiari eskatu dio azken bederatzi urteetan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren bitartez kendu zaien dirua itzultzeko. Salatu dutenez, urte horietan guztietan, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Foru Ogasunak PFEZa kendu diete nominetan, Euskal Autonomia Erkidegoko foru arauek esaten dutenaren kontra.
Iaz LAB sindikatuak egindako kontsulta batean abiatuta, doktoretza aurreko ikertzaileak hasi ziren eskatzen diru hori itzultzeko. Bizkaiko eta Gipuzkoako foru osasunek eskaera horiek aintzat hartu badituzte ere, agiri batean Arabako doktoretza aurreko ikertzaileen kolektiboak azaldu du Arabako Aldundiak ez dituela aintzat hartu lurraldeko ikertzaileen eskariak.
"Desesperatuta gaude. Ehun lagun baino gehiago kaltedun gara, baina ez dugu erantzunik jasotzen. Gizarte honen alde egiten ditugun aurrerapenen onuradun izango diren erakundeek eta pertsonek babesgabe utzi gaituzte", kexu mintzo dira.
Onura horien adibidetzat jarri dituzte arlo bioteknologikoan eta medikuntzarenean lortutako aurrerapenak. Gogora ekarri dute enpresa bioteknologiko ertainak sortzea ahalbidetu dituzten patenteak eskuratu dituztela; modu berean, zientzia aldizkarietan artikulu ugari argitaratu dituzte. Gauzak hala izanda ere, "hori ez da islatu langileen lan baldintza kaskarretan", salatu dute. "Minbiziari aurre egiteko edo gaitz kronikoak artatzeko terapia berriak aurkitu dituzte kideetako batzuek, kobratu gabe".
Ikerketaren alorrean dauden bekadunen egoeraren berri eman dute ere. "Lehen urtean zehar 899 euro garbi kobratzen ditugu. Bigarrenean, 1.000 euro baino gutxiagora hobetzen da soldata, eta hirugarren urtera arte ere ez dugu gainditzen 1.100 euroren langa". Gauzak hala izanik ere, "1.000 euroren truke astean 50 ordu baino gehiago" lan egiten duten arren, foru ogasunak 5.000 euro baino gehiago zor dizkiela salatu dute.
PFEZari dagokiona ez da izan EHUko doktoretza aurreko ikertzaileek lan baldintzetan izan duten irregulartasun bakarra. Azaldu dutenez, duela hainbat urte sindikatuak konturatu ziren EHUk zegokiena baino gutxiago ordaintzen ziela ikertzaile horiei. Epaitegiek arrazoia eman zieten, eta EHUren errekurtsoa atzera bota zuten. Hortaz, ikertzaile horiek duela gutxi hasi dira jasotzen unibertsitateak zor dien soldata.