Henrike Knörrek Araba euskalduntzeko egindako lana omendu dute

Erredakzioa 2022ko aza. 8a, 10:00

Henrike Knörr euskaltzain arabarra jaio zeneko 75. urteurrenaren harira, Euskaltzaindiak omenaldia antolatu du Gasteizen. Gainera, bere 67 idazlan bildu dituzte liburu batean.

Astelehen honetan, Euskaltzaindiak eta Arabako Foru Aldundiak Henrike Knörr (1948-2008) filologo arabarrari omenaldia egin diote, bere jaiotzaren 75. urteurrenaren testuinguruan. Euskaltzaindiak eta Arabako Foru Aldundiak antolatu dute ekitaldia, Akademiaren Gasteizko ordezkaritzan (Etxezarra eraikinean).

Omenaldi ekitaldian, onomastika jardunaldi bat egiteaz gain, Knörren idazlan "ez hain ezagunak" biltzen dituen Idazlan hautatuak liburua eta EHUko Henrike Knörr Bekak aurkeztu dituzte.

 

"Orrialde gutxiko artikuluak dira, baina mamitsuak, eta modu honetan errazago jarri dira egungo irakurleen eskura, egilearen ekarriaren ikuspegi osatuagoa izan dadin", azaldu du Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzain oso eta Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak, liburuari dagokionez; hain zuzen ere, berak paratu du argitalpena, Garikoitz Knörren laguntzarekin. Besteak beste, Henrike Knörren familia, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia eta Andres Urrutia euskaltzainburua izan dira ekitaldian.

Liburuan jasotako artikuluetan gai ugari jorratzen dira, baina, batez ere, onomastika kontuak, euskararen historia eta euskarazko testu zaharren azalpenak dira. Gainera, liburuaren osagarri, Knörr-Santiago familiak utzitako hainbat argazki bildu dituzte ere. "Idazlanen hautapenean erabilitako irizpide nagusia izan da albo batean uztea Internet bidez aise eskura daitezkeenak", gaineratu du Gonzalez de Viñasprek. "Horien ordez, urteetan aldizkari eta egunkari askotxotan eta, oro har, zabalkunde laburreko argitalpenetan, Henrike Knörrek idatzitako artikuluak jaso dira. Era honetan, mamitsuak eta interesgarriak diren idazlanak errazago jarri dira egungo irakurleen eskura, egilearen ekarriaren ikuspegi osatuagoa izan dadin".

Bestetik, onomastika ardatz hartuta, mintegi labur eta trinkoa antolatu du Euskararen Akademiak, Knörrek bereziki gogokoa izan baitzuen onomastika eremua bere jarduera akademikoan. Jardunaldian, Ana Boullon Toponomasticon Hispaniae proiektuko koordinatzaileak, Patxi Salaberri euskaltzain oso eta ToponHisp proiektuko Euskal Herriko lantaldearen ikertzaileak, eta Roberto Gonzalez de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak parte hartu dute.

Azkenik, EHUk 2021eko Henrike Knörr Bekaren emaitzak plazaratu ditu (Mikel Perez eta Iker Ondartza ikasleek jaso dituzte), eta, bide batez, 2022ko deialdia zabaldu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide