Laudioko mendizale bat hil da Gorbeian

Erredakzioa 2022ko aza. 6a, 14:45

Gorbeia mendian larunbatean desagertutako 64 urteko laudioarraren gorpua aurkitu dute Larrialdi Zerbitzuek Zeanurin, Aldamiñape inguruan, igandeko 11:30ak aldera.

Larrialdi Zerbitzuak mendizale baten bila izan dira atzo arratsaldetik, eta gaur goizean bilatzen jarraitu dute. Miguel Perez Curado, 64 urteko laudioarra, larunbat goizean atera zen etxetik Gorbeia mendira joateko, baina arratsaldean ez zen etxera itzuli, eta familiak horren berri eman zion SOS Deiak zerbitzuari.

Bilaketa Gorbeiako Parke Natural osoan zehar zabaldu zen, eta atzo 21:30ean mendizalearen ibilgailua topatu zuten Pagomakurreko aparakalekuan, Areatza udalerrian. UVRko kideek, mendiko atalekoek, Ertzainor Unitateak, Ertzaintzaren helikoptero eta drone zerbitzuak, Euskadiko Salbamenduko txakurren taldeak, Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek eta Gurutze Gorriko zein DYAko boluntarioek parte hartu dute dispositiboan, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako teknikari batek koordinatuta.

Segurtasun Sailak baieztatu duenez, igandeko 11:30ak aldera dispositiboak gizonezko baten gorpua aurkitu du Aldamiñape inguruan, Zeanuri udalerrian. Atzo galdutako mendizalearen hilotza zen. Mediku batek heriotza baieztatu eta eginbide judizialak amaitu ondoren, gorpua Bilboko Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman dute, autopsia egiteko.

Lehen ikerketen arabera, litekeena da istripu bat izatea heriotzaren arrazoia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide