Zientzia Astean izena emateko epea ireki dute

Erredakzioa 2022ko aza. 4a, 10:27

Gasteizen kasuan, BIBAT museoan egiten dira ekitaldi gehienak. ALEA

Hilaren 10etik 13ra BIBAT museoan egingo dute kultura zientifikoa zabaltzeko EHUk antolatutako ekimena.

Euskal Herriko Unibertsitateak urtean behin antolatzen duen Zientzia Asteko jardueretan parte hartzeko epea ireki dute jada. 

Orotara, 200 jarduera baino gehiago egingo dituzte Gasteizen, Bilbon, Barakaldon, eta Donostian. Ohi bezala, gurean BIBAT museoa izango da jarduera gehienen kokalekua, eta Arabako fakultateetan ematen diren karrerek izango dute protagonismoa. Izan ere, EHUko ikertzaileek beraiek pisu handia dute ekimen horien antolaketan. 

Besteak beste, historiaurrea jorratuko dute, Zigoitiko Arrillor aztarnategiaren berri ematen, eta Arabako Errioxako megalitoetara bisita antolatu dute. Cohorte I Gallica berreraikitze historikoko taldeak erromatarren garaiko teknologiak erakutsiko ditu. Elkanoren figurari buruz dauden ezbaiak eta garaiko gizartearen ezaugarriak ere testuinguruan jarriko dituzte, eta garun elebidunari buruz egin diren azken ikerketen berri emango dute. Farmazia alorrekoak eta elikagaien inguruko proposamenak ere izango dira, noski. 

Txoko, hitzaldia eta bisita horiez gain, ume eta gazteen artean horrenbeste arrakasta izaten duten tailerrak ere jorratuko dituzte. Tartean, egun batez detektibe izatea, kode kimikoen bitartez escape lab batean aritzea edota altxorraren bila joatea.  

"Zientzia Astea ekitaldi ludiko eta pedagogikoa da, eta ekimen honen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateak gizarteari zientzia hurbildu nahi dio, haren benetako xarma erakutsi eta gazte, heldu eta umeen jakin-mina piztuz", adierazi dute antolatzaileek. Izen ematea www.zientzia-astea.eus webgunean egin behar da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago