Haziaren familiari laguntzeko prest dago Euskaltzaindia

Erredakzioa 2022ko aza. 3a, 17:30
Gasteizko Justizia Jauregia. / Argazkia: BASOTXERRI (Wikipedia)

Euskararen Akademiak adierazi du ez duela eragozpenik ikusten haur bati Hazia izena jartzeko, eta prest dago auzia bideratzeko txosten bat idatzi eta familiaren esku jartzeko.

Aste honetan ezagutu dugu epaile batek uko egin diola haur bati Hazia izena jartzeari, eta familia behartu duela latinezko Zia izenarekin erregistratzera. Cristina Rodriguez Ruiz epaileak argudiatu du, besteak beste, izen hori duen neskatorik ez dagoela, euskarazko hitz horrek "konnotazio negatiboa" izan dezakeela (esanahien artean semena dagoelako), eta, gainera, substantiboa dela.

Hasieratik, hautsak harrotu ditu epailearen erabakiak. Euskaltzaindian ere galdetu egin zutela azaldu du Rosa Maria Manteiga haurtxoaren amonak, epaitegien aurrean; eta Euskararen Akademiak "hizkuntza aldetik eragozpenik ez" zegoela adierazi zion familiari, "izen arrunt batetik eratorritako beste izen batzuekin (Amets, Haizea, Lizar, Nahia, Zeru, Zuhaitz...) gertatzen den moduan". 

Hortaz, urriaren 22an jaiotako haurra Erregistro Zibilean Hazia izenarekin inskribatu ahal izateko borroka egingo dutela ohartarazi dute senideek. Horretarako hurrengo urratsa Segurtasun Juridiko eta Fede Publikoaren Zuzendaritza Nagusira jotzea izango da.

Ostegun honetan, gainera, Euskaltzaindiak ohar bat plazaratu du, azalduz prest dagoela txosten bat idazteko eta familiaren esku jartzeko, "Hazia izenaren inguruko auzia bideratzeko helburuz erabiltzea izan dezaten". Gainera Euskararen Akademiak ohartarazi du oraingo honetan Haziarekin sortu dela arazoa, "baina, tarteka, halakoak gertatzen direla erregistro zibiletan, bereziki, izenari atxikitako generoa dela eta". Ildo horretan, gogorarazi dute Euskaltzaindiak, 2018an, "malgutasunez jokatzeko" eskaera ofiziala egin ziola Espainiako Justizia Ministerioari generoari doazkion kasuetan, "hortxe suertatzen baitira arazorik gehienak".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide