Langile bat hilda aurkitu dute Mercedesen

Erredakzioa 2022ko aza. 2a, 19:20

50 urteko langilearen gorpua Mercedesen aurkitu dute. / ALEA

LEDHR enpresako 50 urteko langile baten gorpua aurkitu dute Mercedesek Gasteizen duen fabrikan. Lan istripu ez traumatiko baten ondorioz hil egin da, bihotzekoak jota.

LAB sindikatuak jakitera eman duenez, azpikontratatutako LEDHR ingeniaritza eta zerbitzu enpresako 50 urteko langile bat hilda aurkitu dute Gasteizko Mercedesen. Antza denez, lan istripu ez traumatiko baten ondorioz hil egin zen asteartean, bihotzekoak jota. Azaroaren 1eko jai eguna zela, P.A.I.L. izeneko behargina lantegiaren ohiko mantentze lanak egiten ari zen, baina, LABek salatu duenez, une hartan ez zegoen inor bihotz-biriketako bizkortzea egiteko.

Sindikatuaren datuen arabera, dagoeneko 65 lan heriotza gertatu dira 2022an; horietako zortzi Araban. Gainera, hiru eguneko epean gertatutako bigarrena da azken hau, joan den larunbatean Andoaingo Antex Fibres enpresan makina batek harrapatuta hildako langilearen ostean.

"Prekaritatea hiltzailea. Odoluste honek ezin du oharkabean pasa. Ez da kasualitatea, prekaritatea da", salatu du LABek, Mercedeseko sindikatuek lan heriotza salatzeko mobilizazio bat deitzea aztertzen duten bitartean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago