Lainoarekin hasiko da asteazkena, baina hodei gutxirekin geratuko da gainerako eguna. Daudenak, erdi edo goi mailakoak izango dira; gainera, gauerako erabat garbi geratuko dela iragarri du Euskalmetek. Haizea zertxobait baretuko da: hegoaldetik egingo du, ahul, tarte biziekin. Aurreko egunetako bide beretik joko dute gaurkoan ere tenperaturek: Gasteizen 5 eta 15 gradu artean mugituko da galinstanoa.
Bihar goizean antzeko egoerarekin jarraituko dugu: goiz lanbroa, erdi eta goi mailako hodeiez zipriztinduta. Osterantzean, arratsalderako hodeiak gehitzen joango dira, eta zerua nahiko estalita geratuko omen da. Han-hemenka euri pixka bat bota lezake ere. Haizea berriro zakartuko zaigu, —hego-mendebaldetik goizean, eta ipar-mendebaldetik arratsaldean—, bolada oso gogor batzuekin. Termometroetan, giro freskoa mantenduko da: 7 gradutatik 14 gradutara.