BIZILAGUNAK

Mahai batean, milaka mundu

Erredakzioa 2022ko aza. 2a, 08:26

Jatorri desberdina duten bizilagunek bazkari baten bueltan loturak sendotzen dituzte. / ALEA

Azaroaren 20an egingo da Bizilagunak ekimenaren seigarren edizioa, zurrumurru arrazista eta xenofoboak uxatu eta kulturen arteko bizikidetza sustatzeko helburuarekin. Iaz 600 bat lagun izan ziren.

Urtez urte indartuz doan esperientzia da; horrekin batera, bertan parte hartzen duten lagunen arteko lokarriak estutzen dira ere. Iazko zenbakiei erreparatzea besterik ez dago: 32 nazionalitateko 600 pertsona inguru bildu ziren iaz Arabako zortzi udalerritan Bizilagunak kultura arteko bazkarietan. Elkar ezagutzearen onena leloarekin, aurtengo hitzordua azaroaren 20an izango da.

Arabako Foru Aldundiaren eta Zehar-Errefuxiatuekin elkartearen apustu honek zurrumurruen aurka egitea eta kulturen arteko bizikidetza sustatzea ditu helburu nagusitzat.

Programari esker "adiskidetasun lotura sendoak" sortu direla nabarmendu dute

Ezaguna denez, kultura jatorri desberdina duten bi familia mahai baten inguruan bazkaltzen jartzean abiatzen da ekimena. "Bizilagunak ekimenak ikuspegi zabalago batetik ulertzen eta lantzen du familia hitza, hau da, elkar maite duten pertsonen talde baten ikuspegitik", aurreratu dute antolatzaileek, aurtengo edizioa aurkezteko egindako ekitaldi batean.

Araban egiten den seigarren edizioa da oraingoa. Martxan jarri zenetik, 2020. urtean baino ez zuten huts egin, agerikoak diren arrazoiak direla eta.

Ainhoa Campo Berdintasun, Lankidetza eta Kulturartekotasun zuzendariaren hitzetan, "guztion erronka da topaketa horiek eskaintzen diguten aberastasuna aprobetxatzea, Arabako gizarte honek aurrerapauso handia eman dezan benetako kulturarteko bizikidetza lortzeko, integrazio eredu gisa; izan ere, kulturalki aniztuna eta askotarikoa izateaz gain, etengabe aldatzen ari da"

Adiskide berriak

Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko kide June Astobizak azpimarratu nahi izan du "mahai-zapia, elkarrizketa eta janaria partekatzeko keinuak duen gaitasun eraldatzailea".  Dioenez, ekimenaren xedea da pertsona desberdinekin elkartzeko espazioak eskaintzea, batez ere "auzokideak ezagutzeko interesa eta jakin-mina erakusten duten" pertsonei begira; batzuetan, lagun horiek "bultzada bat" behar dute urratsa emateko.

Antolatzaileek nabarmendu dute programa honi esker sortutako harremanen ondorioz "adiskidetasun lotura sendoak" sortu direla parte hartzaileen artean. Aurtengo edizioaren berri emateko prestatu duten bideo batean sortutako lokarri horien sendotasunaren lagin bat ondo azaltzen da. Bikoteka agertzen diren parte hartzaileek komunean dutena eta orain arte partekatu dituzten esperientzien berri ematen dituzte kameraren aurrean. Horien artean badira orain arte partekatu ez dituzten esperientzia gastronomikoak, eta, seguruenera, datorren azaroaren 20ko hitzorduan praktikan jarri ahalko dituzte.

Kasurako, Eritreako kafea, Afrika Mendebaldean ohikoa den artatxiki hostoez egositako arroza babekin, Ukrainako erremolatxa zopa, Marokoko tajinea —"pikanteaz hornituta, Zuriñetaz barre pixka bat egiteko", diote bideoan—, edota Kataluniako plateren bat. Horiek helduen proposamenak. Izan ere, globalizazioaren ondorioak setatsuak dira, eta txikienek argi daukate zer eskainiko dioten batek besteari: "makarroiak gaztarekin" eta "arroza tomatearekin".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago