Jose Luis Saenz de Ugarte hil da

Erredakzioa 2022ko urr. 31a, 13:30

Fournierreko langilea, kazetaria eta historialaria izan zen, besteak beste. / ALEA

89 urterekin zendu da Jose Luis Saenz de Ugarte gasteiztarra. Fournierreko langilea, kazetari afizionatua eta historialaria izan zen. Heraclio Alfaro Fournier ezagutu eta bere biografia idatzi zuen 1993an.

Jose Luis Saenz de Ugarte Gasteizen jaio zen 1933an. Unibertsitateko prestakuntzarik izan ez zuen arren, hiriko bizitzaren kronikari autodidakta izan zen, Arabako musika eta pinturarekiko zuen interesagatik. Hainbat hamarkadatan zehar, Heraclio Fournier karta fabrikan lan egin zuen, Arte Grafikoetako teknikari gisa, erretiroa hartu zuen arte.

Enpresan egindako lanagatik, Heraclio Alfaro Fournier ezagutu zuen, Arabako abiazioaren aitzindaria pilotu, ingeniari eta asmatzaile gisa. Are gehiago, Heraclio Alfaro Fournier, abiazioaren aitzindari gasteiztar baten biografia idatzi zuen, eta 1993an argitaratu, Foru Aldundiaren laguntzarekin. Beranduago, 2020an, Jesus Sagarduy ingeniari aeronautikoaren ekimenez argitaratutako beste liburu baterako oinarria izan zen hura; duela bi urte argitaratutako lanean, Alfarok AEBetan eta Espainian izandako bizitzaren 600 argazki bildu zituzten.

Horrez gain, Saenz de Ugartek beste fazeta asko izan zituen: Manuel Iradier Abesbatza Elkartearen sortzaileetako bat izan zen; argazkilari afizionatu gisa, San Prudentzioko Zilarrezko Perretxikoa argazkilaritza artistikoaren ohorezko saria eskuratu zuen 1970ean; Manuel Iradier Txangozale Elkartearen Buletinean, berak sortzen lagundu zuen espeleologia sailaren kronikak idatzi zituen 1963 eta 1967 urteen artean; eta, gainera, Auñamendik argitaratutako Euskal Herriko Entziklopedia Orokor Ilustratuan Arabako pertsonaia eta gertakari historikoen hainbat sarrera idatzi zituen.

Halaber, kazetari gisa, Radio Vitoria irratiko hainbat musika saiotan parte hartu zuen, eta musika klasikoko kontzertuen erreseinak idatzi zituen hainbat hedabidetan, El Correo tartean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago