Aktore onenaren saria irabazi du Karra Elejaldek Seminci jaialdian

Erredakzioa 2022ko urr. 31a, 11:38
Karra Elejalde eta Ivan Barney aktoreak, Valladolideko Semincin. / Seminci

'Vasil' pelikulan egindako lanagatik saritu dute aktore arabarra Valladoliden. Film horretan parte hartu duen Ivan Barney aktoreak ere sari bera jaso du.

Vasil pelikulan egindako lanagatik, Karra Elejalde gasteiztarrak aktore onenaren saria irabazi du Valladolideko Seminci zine jaialdian. Avelina Praten lehenengo pelikula honetan, mingostutako arkitekto erretiratuaren papera egiten du Elejaldek. Film berean parte hartu duen Ivan Barney aktoreari ere sari bera eman diote. 

Zine jaialdiaren 67. edizioak emandako saria Avelina Prat zuzendariari eskaini dio, eta saria Barneyrekin partekatzeak "ilusio bikoitza" egin diola gaineratu du. "Oso pozik sentitzen naiz, oso pozik, oso eskertuta, eskerrik asko Valladolid, eskerrik asko Valladolideko herritarrak, eskerrik asko Javi, eskerrik asko Ribera del Duero. Ezin dut esan bihotzean zaituztedanik, baina gibelean eramango zaituztet", esan du aktoreak umorez.

Bestalde, Return to Dust Li Ruijun ekoizle txinatarraren pelikulak lortu du film onenaren saria. Zinta horrek arazoak izan ditu Txinako zentsurarekin, nekazal munduko pobrezia eta hiriko espekulazioa erakusteagatik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide