⛅ EGURALDIA

Arima herratuek hotza dakarte

Erredakzioa 2022ko urr. 31a, 05:59

Hodeiak eta euri txikiak izango ditugu bi munduren arteko ateak zabaltzen omen diren honetan. Bihar tenperatura minimoak 5 gradutan izan ditzakegu.

Bereziki hegoaldean lainoak agertuko dira Santu Guztien Egunaren bezperan. Goizean zehar hodeiak ugarituko dira, eta eguerdirako behe hodeiak nagusiko dira. Arratsalde gehienean zehar zerua oso estalita geratuko da. Zenbait lekutan zaparrada txikiak botako ditu. Hegoaldeko haizea izango dugu, gogotik, eta egunaren amaieran osagai aldakorrekoa izango da. 9 eta 17 gradu arteko aldea espero da termometroan.

Azaroaren lehenean antzeko giroa izango dugu. Goizean goiz lanbroa agertuko da, eta zerua nahiko hodeituta mantenduko da. Arratsalderako, berriz, ortzia pittin bat garbituko da, hodei gutxirekin. Haizeak aurreko egunetako indarra galduko du, bolada gogorren bat mantenduta ere. Termometroak beheranzko joeran jarraituko du, 5 eta 16 gradu artean mugituz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago