euskararen ezagutza

Euskararen ezagutzan hazkunderik handiena Araban eman da

Erredakzioa 2022ko urr. 28a, 12:23

Gasteizen heren bat inguru dira euskaldunak. PHOT.OK

Eustatek euskararen ezagutzaren azken hamarkadako bilakaera aztertu du. Araban 7,1 puntu handitu da euskaldunen proportzioa.

Eustaten datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko bi urte eta gehiagoko biztanleen %62,4k (1.349.808 pertsona) euskararen ezagutzaren bat zuen 2021ean. Ezagutza-mailari so eginez, 936.812 euskaldunak lirateke, euskaraz ongi ulertu eta hitz egiten dutenak, eta 412.996 ia-euskaldunak, ulermen ona edo halamoduzkoa dutenak eta zailtasunez hitz egiten dutenak. 

Arabako errealitateari erreparatuta, beste bi herrialdeekin alderatuta, euskararen ezagutza Araban handitu da gehien azken hamarkadan (7,1 puntu), eta egun euskaldunen proportzioa %31koa da. Gainera, ia-euskaldunak ere sartzen badira, Arabako bitik batek euskara ezagutzen du.

Gasteizen heren bat inguru dira euskaldunak. Eustaten arabera, euskaldunen ehunekoaren hazkundea ehuneko 7,4 puntukoa izan da, eta 72.778 dira euskaldunak, %29,8.  Gainera, euskaldunen proportzioa gehien hazi den eskualdeak Aiaraldea –Arabako Kantaurialdea Eustatentzat– (ehuneko 7,5 puntu gehiago), Arabako Lautada (7,3 puntu) eta Arabako Mendialdea (7,0 puntu) dira.

Herrialdean, %80tik gorako euskaldunen ehunekoa duen udalerri bakarra Aramaio da biztanle euskaldunen %86,2rekin. Beste 49 udalerritan euskaldunen proportzioak gora egin du, eta bi udalerritan behera. Hazi direnen artean, nabarmentzekoak dira Armiñon, Aiara, Erriberagoitia, Zalduondo, Zuia, Urkabustaiz eta Arraia-Maeztu, ehuneko 9 eta 15,1 puntu arteko igoerekin.

Euskararen ezagutza-mailan generoaren araberako aldeak oso txikiak dira orokorrean; Araban, emakume euskaldunen %43,4 eta gizonen %43,2 zenbatu da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago