Labeak itzaliko dituzte gaur okindegiek

Erredakzioa 2022ko urriaren 28a

Hamabost minutuko itzalaldi sinbolikoa egingo dute. / Artepan

Itzalaldiarekin, energiaren eta lehengaien kostuen garestitzea salatu nahi dute.

Arabako okinen sektoreak bizi dituen arazoak ikusarazteko asmoz, itzalaldi bat egingo dute gaur 12:00etatik 12:15era. Lehengaien eta, batez ere, gasaren eta elektrizitatearen kostuaren igoerak eragindako krisia mahai gainean jarri nahi dute itzalaldiarekin. Salatu dutenez, argindarraren prezioa, okindegien eguneroko lanerako "ezinbestekoa", %260 igo da azken urtean. Habaler, ontziratu gabeko irinak iaz baino %57 gehiago balio du, eta azukreak %97 gehiago. "Negozio txiki asko ixten ari dira, eta gure lurraldeko herri asko ogirik gabe geratzeko arriskuan daude", ohartarazi dute SEA Arabako patronaletik.

Gaurko mobilizazioaren helburua da "administrazioei eta gizarteari sektore hori funtsezkoa dela gogoraraztea". SEAk emandako datuen arabera, 5.600 profesional baino gehiagok lan egiten dute erkidegoan. "Gogoratu behar dugu sektore hori intentsiboa dela energia-kontsumoari, elektrizitateari eta gasari dagokienez, eta kontuan hartu behar dela energia laguntzako politikak planifikatzerakoan", azpimarratu dute Arabako patronaletik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago