Arabako adinekoen egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileak kalera atera dira berriro asteazken honetan, lan baldintza duinak bermatzeko hitzarmen bat eskatzeko. ELA eta LAB sindikatuek greba deitu dute gaur eta bihar, hilaren 26an eta 27an.
"Patronalak negoziazio mahaia desblokeatzen saiatzeko konpromisoa hartu zuen uztailean, PRECOn egindako bilera baten, baina oraindik zain gaude", salatu dute sindikatuek. "Administrazioen eta enpresen gelditasunaren aurrean, langileak kalera atera dira blokeo egoera hori salatzeko eta orain arte egindako mobilizazio dinamikei jarraipena emateko; lan sektore prekarioeneko langileek egiten duten lan handia behingoz duindu arte".
Lanuzteekin batera, manifestazioa egin dute gaur, Plaza Berritk abiatuta eta hiriko hainbat egoitza zein etxebizitza komunitariotatik igarota, Arabako Foru Aldundira iritsi arte. Bertan, elkarretaratzea egin dute. Sindikatu deitzaileek "jarraipen zabala" azpimarratu dute, gutxieneko zerbitzuak kontuan hartuta ere: %70 gerokultoreen edo erizaintzako laguntzaileen artean, %50 EUD osasun langileen artean, eta %50 teknikarien artean.
Sektoreko langileek 2026rako 1.200 euroko soldata jasotzeko eskaintza "irrigarria" dela salatu dute sindikatuek, urteko 1.742 ordu lan egiten dutenean.
"Ratioena are lotsagarriagoa da. Patronala oso eroso dagoela erakusten du bere jarrera axolagabeak, eta ez du sektore feminizatu eta arrazializatu honen baldintza prekarioak hobetzeko borondaterik", kritikatu dute. "Sektorea, etxez etxeko laguntza zerbitzua edo esku-hartze soziala bezala, ia guztiz pribatzatuta dago, eta egoitza publikoetako langileen baldintza eta eskubide berberak izan beharko lituzke", aldarrikatu dute.
🔥GAUR GREBA EGUNA DA ARABAKO ERRESIDENTZIA PRIBATUETAN🔥
— ELA Gasteiz (@ELAGasteiz_) October 26, 2022
17etan EKITALDIA egongo ANDRA MARI ZURIAREN plazan‼
Los sectores feminizados en lucha👊🏼 pic.twitter.com/82qrfSxq8u
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!