Aste honetan, Josu Bergara musikari eta publizistak eta Paul Caballero ilustratzaileak Bilboko Euskararen Etxean eman dute Loa eta Laia proiektu digitalaren berri. Musikaren bitartez euskal kultura, ohitura eta edukien transmisioa sustatu nahi dute, eta baliabide digitalen bitartez hedatuko dute; horretarako, webgune bat eta YouTubeko kanal bat jarri dituzte martxan.
Aurkezpen agerraldian, Bergara eta Caballerorekin batera, Ane Martinez Martinez eta Leire Aparicio Guerrero abeslariak izan dira, baita Nerea Alberdi eta David Sanchez Damian ere, musikaren moldaketa eta produkzio arduradunak.
Egitasmoa 2 eta 7 urte bitarteko haurrei eta familia osoari zuzenduta dago, eta euskaraz sortutako marrazki bizidun digitalez osatutako proposamena da. Loa eta Laia ingurune digitalean jaio, bizi eta iraungo duten bi pertsonaia dira. Hilero, eta lagunez inguratuta, euskal kultura eta gizartearekin lotutako egun handiak baliatuko dituzte edukiak plazaratzeko, hala nola Gau Beltza edo Euskararen Eguna; horiekin lotutako abestien bidez transmisioa landuko dute, eta Gau Beltzaren atarian horrekin lotutako lehen atala ikusgai da dagoeneko:
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!