Urriaren hasieran, Ikasle Abertzaleak ikasle erakundeak iragarri zuen urriaren 27an ikasle greba antolatuko zuela Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Bigarren Hezkuntza osoan, "ofentsiba kapitalistaren testuinguruan, hezkuntza erreformek hezkuntzako arazo errealak konpontzeko ezintasunaren eta politikarien iruzurraren aurrean".
Egun horretan, mobilizazioak egingo dituzte lau hiriburuetan, baita Gasteizen ere, 11:30ean Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta. Bertan, "doako eta kalitatezko hezkuntza unibertsala" aldarrikatuko dute, "langile klasearen interesen defentsan" antolatzera deituz.
Hezkuntza lege berria, jopuntuan
Ikasturte hasierako erreforma legeen ezarpenarekin hezkuntza esparrua "hankaz gora" dagoela salatu dute, eta prozesu horren aurreran "antolatu eta kaleak hartzeko" deia luzatu diote ikasleriari. "Bizitzen ari garen krisi kapitalistaren ondorioz, kapitala bere irabaziak bermatu nahian dabil, eta horretarako gizarteko egitura nagusiak berregokitzen ditu; zentzu horretan dabil hezkuntza sistema aipatu ditugun aldaketak jasaten, merkatuak behar duen lan indarra ekoizten duela bermatzeko", kritikatu dute.
EAEko hezkuntza lege berriari dagokionez, "segregazioan sakontzen" duela eta "modu inposatzaile batean egindako prozesu baten emaitza" dela diote. "Formakuntzaren debaluazio bat gertatzen ari da, eta, horren ordez, ikastetxeak diziplinamendu hutserako zentro bilakatzen ari dira", gaineratu dute.
Azkenik, hezkuntzaren "izaera inposatzailea" salatu dute: "Hartzen diren erabakiak agente pribilegiatu batzuk zuzentzen dituzte, hala nola sindikatuek eta alderdi politikoek. Gainera, enpresa handi eta nazioarteko instituzio burgesen aginduak akordio zabal moduan saltzen dituzte. EAEn, politikoki oso ezberdinak direla suposatzen den lau alderdi parlamentario nagusiak berehala ados jarri dira aldaketak inposatzeko. Hezkuntza komunitatea osatzen duten beste sektore batzuk, aldiz, guztiz baztertuta gelditu dira".