Aramaiok "errespetua" eskatu du eolikoei buruz erabakitzeko

Erredakzioa 2022ko urr. 20a, 12:57

Aramaio eta Eskoriatza artean zazpi aerosorgailu jarri nahi ditu Statkraftek. ALEA

Udalerrian eraiki asmo duten parke eolikoari buruz enpresa sustatzailearekin eta herritarrekin batzar bat egingo dutela iragarri dute, enpresak berak proposamena azaldu dezan.

Aramaioko Udalak aurreratu du batzar informatibo bat egingo duela udazkenean zehar, Aramaio eta Eskoriatza artean parke eoliko bat egin nahi duen Statkraft multinazionalak helarazi dion informazioa herritarrekin partekatzeko. Bilera horretan enpresaren ordezkariak egongo dira ere.

Ohar batean, udalak "errespetua" eskatu du, "gai konplexu hauen aurrean" iritzi bat azaldu baino lehen. Euren "txikitasunetik gauzak ahalik eta ondoen" bideratu nahi dituztela dio, "ingurumenarentzako eta aramaioarrentzako onena" bilatzea helburu.

Udal gobernuak dio Euskal Herrian berriztagarrien inguruan "fundamentuzko estrategia edota lurralde plangintzarik" ez dagoela, eta Aramaion kokatu nahi den proiektuari buruzko informazioa "egun batetik bestera" agertu dela. "Lehen lerroko politikagintza eta komunikabideak titularren azkartasunean dantzan dabiltzala dakigun arren, uste dugu horrelako gai batek informazio kontrastatua eta hausnarketa kolektibo sakona behar dituela lehen boteko iritziak ematen hasi aurretik".

Proiektuarekiko jarrera agertu ez duten arren, gogora ekarri dute "interes orokorraren izenean garatu diren dimentsio handiko proiektuen biharamunak" nozitu dituztela aurretik. "AHTaren obrek, besteak beste, urte betez errepide nagusirik gabe utzi gintuzten, eta oraindik konpondu gabe daude lan horiek sortutako kalteak". Diotenez, lan horiek Aramaio mendebaldean "porlanez zabaldutako zauri sakon bat utzi dute betirako". Bestetik, herri txikien errealitatea aintzat hartzeko eskatu dute. Kritikatu dute halako proiektuetarako herri txikiez gogoratu izana, baina gogora ekarri dute "ez dela berdina gertatzen" beste kasu askotan. Correosen bulegoa, banketxeetako zerbitzuak, zuntz optikoa edota mediku arreta aipatu dituzte, gabezia horien lekuko. 

"Gure gorako instituzio eta eragileei eskatu nahi diegu gauzak era integral batean ikusi eta ordenatzea, energiaren inguruko azterketa zintzo eta integral bat egitea, eta ondoren bat aurkeztea herritar guztioi, aurrean dugun erronka honetan zentzuz eta era ordenatu batean bidea egiteko", erantsi dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago