"Inpaktu oso larriak" Araban parke eolikoak jartzeko proposatutako zazpi eremutan

Erredakzioa 2022ko urr. 19a, 20:30

Jaurlaritzak hamahiru parke eraikitzeko bederatzi eremu proposatu ditu. / Argazkia: PIXABAY

Aldundiaren txosten baten arabera, Jaurlaritzak parke eolikoak eraikitzeko proposatutako eremuen %75ean baino gehiagotan "inpaktu larriak eta oso larriak" eragingo lituzke haize errotak instalatzeak.

EITB taldeko Radio Vitoria irratiak argitaratu duenez, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko zerbitzuek txosten bat egin dute Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (LPS) ingurumen inpaktuaren azterketari ekarpenak egiteko.

39 orrialdeko txostenak bazterketa eremuak aztertzen ditu, baita LPSk Araban energia berriztagarriak garatzeko "optimotzat" jotzen dituenak ere. Eta ondorioak latzak dira Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenekiko.

Gure lurraldean gaur egun martxan dauden hiru parke eolikoez gain, Eusko Jaurlaritzaren plan berriak beste hamahiru parke instalatzeko bederatzi eremu aipatzen ditu. Eremu horietatik zazpitan, "inpaktu eta afekzio handiak, ingurumenerako larriak eta oso larriak" identifikatu ditu Arabako Foru Aldundiaren txostenak.

Horrela, txostenaren arabera, Jaurlaritzak aurreikusitako bederatzi gune horietatik, soilik bitan jar litezke martxan berriztagarriak sortzeko proiektuak: Ganekogortan (Aiaraldea), dagoeneko "oso eremu antropizatua" delako, sai arrearen eta sai zuriaren koloniekiko inpaktua minimizatzea eskatzen duen arren; eta Labrazan (Arabako Errioxa), duela 15 urtetik Kodes mendilerroan martxan dagoen parkearen hedatze bat izango litzatekeelako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago