Henrike Knörr jaio zeneko 75. urteurrena dela eta, onomastikari buruzko mintegi berezia antolatu du Euskaltzaindiak bere Arabako egoitza den Etxezarra eraikinean.
Erakundeak jakinarazi duenez, onomastika izan zen Henrike Knörrek bere jarduera akademikoan bereziki gogokoa izan zuen diziplina. Hortaz, hori izango da azaroaren 7rako antolatu duten mintegiaren ardatza.
Omenaldi izaera izango duen ekitaldian familia ere egongo dela aurreratu dute. Modu berean, hitzorduaz baliatuko dira Knörren idazlan hautatuekin osatu den Henrike Knörr (1947-2008) Idazlan hautatuak liburua aurkezteko, bai eta hizkuntzalariaren izenarekin iaz plazaratu ziren beken lanak aurkezteko ere.
Besteak beste, toponimia hispaniarraren ikerketarako Toponomasticon Hispaniae proiektuari buruz hitz egingo dute, Ana Boullon Agrelo proiektuko koordinatzaile orokorraren eskutik. Euskal Herrian proiektuaren ikertzaile nagusi Patxi Salaberri euskaltzainak ere hitz egingo du gurean egitasmoak duen ibilbideari buruz.
Ondoren egingo da omenaldia bera, eta bertan parte hartuko dute Andres Urrutia Euskaltzainburuak, Ramiro Gozalez diputatu nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak. Mintegian ere arituko dira, besteak beste, Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzaina, Lexuri Ugarte Aldundiko Euskara zuzendaria eta Garikoitz Knörr hizkuntzalaria. Izena emateko, lotura hau erabili behar da.