Akordioak bertan behera utzi du Burdinberriko greba mugagabea

Erredakzioa 2022ko urr. 14a, 17:00

Burdinberriko langileen mobilizazio bat. / Argazkia: @BBurdinGreban

27 greba egunen ostean, KPIren araberako soldata igoerak, lanaldiaren murrizketak, kategorien berrikuspenak eta txanda-kontratuak ekarriko dituen akordioa sinatu du ELA sindikatuak Burdinberri enpresan.

Burdinberri enpresak aeronatuikaren sektorean lan egiten du, Arabako metalgintzaren barruan, eta 60 langile ditu gaur egun. Udako oporraldiaren aurretik, plantillak grebari ekin zion, azken urteetan zuzendaritzak ezarritako kaleratzeen eta "gehiegizko" ABLEEen ostean.

2022an, lan karga handiaren aurrean, ELA sindikatuak osatutako enpresa batzordeak irabaziak eta aberastasuna banatzeko proposamena jarri zuen mahai gainean, "soldata duina" eta KPIaren araberako igoerak eskatuz. Zuzendaritzaren ezezkoaren aurrean, uztailean astebeteko greba antolatu zuten; oporren ostean, irailean, grebarekin jarraitu eta mugagabe bihurtu zuten.

Guztira, 27 greba egun izan dira, eta ELAk azpimarratu du akordioa "grebalariek erakutsitako jarraikortasuna eta indarrari esker" iritsi dela. KPIaren igoerak 2022, 2023, 2024 eta 2025 urteetarako izango dira. Gainera, beste 250 euroko ordaina jasoko du langile bakoitzak, hitzarmenaren sinadurarekin batera. Bestalde, inapliklazio klausula erabiliko da: "Garrantzitsua enpresak balia ez dezan Zapateroren eta Rajoyren erreforma hitzarmena ez betetzeko", azaldu du sindikatuak.

Lanaldia 1.727 ordura arte jaitsiko da 2023rako, eta hitzarmenak txanda-kontratuak ezartzea ekarriko du ere. Azkenik, langileen batzordeak eta langileek urtero kategoriak berrikusteko aukera izango dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago