Kontsumo ohiturak aldatzen ari dira etengabe, eta enpresa handien joko-arauen arabera mugitzen gara kontsumitzaileak. Askotan etxetik gertu dugunari erreparatu ere ez diogu egiten, eta joera horrek pixkanaka gure auzo eta herriak itzali egiten ditu.
Egoerari buelta emateko, elkarren artean antolatu eta merkatu aukera berriak bilatzeko ekintzak gauzatu beharrean bizi dira gertuko negozio eta establezimendu gehienak. ALEAn ere helburu horretara bideratu nahi ditugu gure baliabideak, gertukoak zaintzea ezinbesteko betebeharra dela pentsatzen baitugu.
Informazioa herritarren esku jartzeko asmoz sortutako atal berri honekin, gertuko negozio horietara guztietara iritsi ahal izateko informazioa izango da eskuragai. Gainera, negozio bakoitzak bere fitxa kudeatzeko aukera izango du ere, beharrezko ikusten duen informazioa txertatuz: telefono edo Whatsapp zenbakia, posta elektronikoa, produktuei buruzko informazioa, mapa, ordutegia, norberaren webgunera lotura...
Azken finean, harreman sarea sortzea besterik ez dugu bilatzen egitasmo honekin. Hortik aurrera, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko hartu-eman zuzena garatuko da, bitartekaririk gabea eta modu gardenean garatutakoa.
Ane eta Aitor patata saltzaileek euren fitxa dute jada 😉