Tarifa arautu berria izango dute berogailu zentrala duten etxebizitzek

Erredakzioa 2022ko urr. 13a, 17:00
Gasteizko Udalak 545 laguntza eskaera jaso ditu. / Alea

Espainiako Gobernuak energiaren prezioaren igoerari aurre egiteko 3.000 milioi euroko plan berri bat iragarri du.

Energia prezioaren igoerari aurre egin ahal izateko neurri berriak iragarri ditu Pedro Sanchez Espainiako presidenteak gaur goizez. Hartutako neurriek arlo ezberdinetan izango dute eragina; gasaren fakturak ordaintzeko neurriak izango dira, batetik, eta argindarrarenak, bestetik.

Esate baterako, egoera zaurgarrian egonagatik argindarraren bonu soziala jasotzen dutenek deskontu handiagoak izango dituzte, %65 eta %80 bitartean, eta horrez gain kategoria berri bat sortuko da diru-sarrera baxuak dituzten familientzat, %40ko deskontuarekin.

Horietaz gain, gaur iragarritako neurriek, batez ere, berogailu zentrala duten etxebizitzei egingo die mesede. Orain arte, araututako tarifatik kanpo geratzen ziren bizilagun komunitate hauek, urtean 50.000 Kwh baino kontsumo altuagoa izanagatik. Galdara komuna izanda ez zuten tarifa arautua eskatzeko eskubiderik, eta horrek ohiko merkatu prezioak ordaintzera behartu ditu orain arte.

Egoera ez da berria, eta iragan martxoan salatu zuen EH Bilduk Gasteizko Udaleko osoko bilkuran "egoera hobetzeko neurriak edo programak" indarrean jar zitezen. Azkenik, Espainiako Gobernuak hartutako erabakiari esker, negua iritsi aurretik neurri berriak aplikatzeko aukera izango dute galdara komunitarioek. Baldintza zehatzak datorren astean jakinaraziko ditu Espainiako gobernuak.

Udalaren laguntza

Gasteizko Udalak, bere aldetik, berogailu zentrala duten etxebizitzen egoera aurreikusita, udan laguntza deialdi berezi bat atera zuen gasaren faktura altuei aurre egin ahal izateko. Hasiera batean, 350 eskaera jaso zitezkeela aurreikusi arren, kopuruak motz geratu ziren, eta 545 eskaera jaso ditu Udalak. 

Hasiera batean laguntzari egokitutako milioi euroa motz geratu zen, eta, horri erantzunez eta "beharra duten familia guztietara iristea" helburu izanik, laguntzaren zenbatekoa beharren arabera egokituko dela jakinarazi zuen iragan astean Iñaki Gurtubai zinegotziak. Udalaren laguntzak etxebizitza bakoitzari 90 euroko laguntza eskainiko dio, 120 euro artekoa etxebizitza sozialen kasuan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide